Atxiloketa GLDK planetan

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2014-06-13 09:58

GLDK planetan gaude. Poliziak TMren etxean sartu dira.

—Atxilotuta zaude.

—Zergatik?

—Gaizkile talde bateko kidea izatea leporatzen dizugu.

—Gaizkilea, definizioz, gaizkia egiten duena da. Zer egin dut gaizki nik?

—Egin, ezer ez. Baina, ustez, lotura duzu konspirazio batekin.

—Zer konspirazio?

—PL eta RA buruzagiak hiltzeko.

—Baina bi buruzagi horiek bizirik daude.

—Bai, baina asmoa zenuten hiltzeko.

—Beraz, zerbait egiteko asmoa izateagatik atxilotu nahi nauzue. Noiztik da asmoa delitua? Eta nola igarri didazue zer asmo nerabilen?

—Beste batzuek zure izena aipatu zuten polizia-etxean sinatutako aitortzan.

—Beraz, nahikoa da norbaitek  zure izena aipatzea errudun bihurtzeko, nahiz eta ustezko delitua konspirazio bat ez burutzea izan.

—Zuen arteko komunikazio arazoengatik ez zenuten burutu konspirazioa.

—Eta noiz zen egitekoa leporatzen didazuen konspirazio hori?

—Orain lau urte.

—Baina mundu guztiak daki gaizkile talde horrek garai horretan erabakia zuela konspiratzeari uztea. Eta, gainera, orain hiru urte prentsan agertutako informazio baten arabera, gaizkile taldeak ukatu egin zuen konspirazio hori egiteko asmoa zuela.

—Ukatzeak ez du erruduna errugabe bihurtzen.

—Eta zer proba duzue ni errudun jotzeko?

—Ehiztaria zara, eta, beraz, armak erabiltzen aditua.

—Hori da guztia?

—Guztia ez, baina nahikoa bai.

Eta preso eraman dute, Kafkaren Gazteluko ziega ilun batera.

Hori guztia, GLDK planetan, TMren etxean. Edo letra guztiekin esanda: Galdakaon, Tomas Madinaren etxean.

 

Bernardo Kapanaga

Albistea: Berria, 2014-06-11, 6. or.

 


Utzi iruzkina: