astonauta amesnauta

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-08 13:53

Hona astronauta hitzaren definizioa: espazio-ontzi bateko tripulante edo bidaiaria. Grekotik mailegatutako atzizkia da “nauta”, eta  “nabigatzaile” esan nahi du. Hortaz, astronauta astroen nabigatzailea da. Baina, hara!: atzizki hori beste hitz moderno batzuk sortzeko erabili dugu. Hor ditugu, adibidez, internauta edo zibernauta, zera esateko: web nabigatzailea erabiltzen duen pertsona, Interneten nabigatzen duen pertsona. Bitxia da: nabigazioa itsasoarekin ez ezik espazioarekin eta Interneteko sasiespazioarekin ere lotzen dugu.

 

Atzizki polita iruditzen zaigu gure ezberbagintzarako. Gaur bi adibide dakartzagu. Lehena, jostagarria: astonauta. Asto lasterketetan astoa gidatzen edo pilotatzen duen pertsona da astonauta. Gero eta gutxiago erabiltzen den garraioa da, zoritxarrez. Bai, aitortu beharra dago: astonautika gainbehera doa.

 

Bigarren ezberba askoz iradokitzaileagoa da: amesnauta. Lo-ibiltaria esateko modu poetikoa iruditzen zaigu. Sonanbulismoa gai zirraragarria da. Ikerketa ugari egin dira, eta literaturan ere maiz erabili da.

 Gure gaurko bi ezberbak elkartuta, umeentzako ipuin bat asma liteke, esaterako. Edo film labur bat, zergatik ez: Astonauta amesnauta. Hau da, ametsetan ohetik altxatu, kortara joan, asto gainera igo eta hor zehar abiatzen zen gaztetxoaren abenturak. Hor daukazue abiapuntua. Orain, idazlea faltan!

 ASTONAUTA: astoa tripulatzen duen pertsona.

AMESNAUTA: ametsetan nabigatzen den pertsona.

 Gure osaba Juanito amesnauta zen. Ohetik altxatu eta ate ondora joaten zen; bertan makurtu eta eskulekuaren parean jartzen zuen ahoa, handik edateko-edo. Gero, dzangada birtuala eginda, ohera bueltatzen zen.


Utzi iruzkina: