estatuista
Izan zaitez erradikala, izan zaitez estatista!, eskatu zion lehengo egunean Espainiako Kongresuan Iñaki Antigüedadek Mariano Raxoiri. Koitadua! Bizitzea tokatu zaigun estatuan, estatuburuak estatuen estetikari estekaturik daude: ikuspegi estatikoa da nagusi, eta ez daude ez eskua ez atzamarra ez atzazala emateko prest. Estatuismoaren estetak dira politikariak: errazago mugitzen dira plaka tektonikoak politikarien diskurtsoak baino. Haien arteko debateetan, elkarrizketa eraikitzaileak barik, elkarrilketa erailkitzaileak izan ohi dira eguneroko ogi politikoa. Esan daiteke politikarien zain eta arteria politikoetan ez dabilela odola, ezpada ze formola. Lazkao Txikik ederto baten esan zuen: "Politikan ez dago gauza politikan".
Antigüedadi antzinatasuna falta zaio Espainiako Kongresuan. Inozente samarra iruditzen zaigu. Epe pixkatxo bat hartu beharko du, osterantzean epea galduko du. Hasteko, komeni zaio konturatzea politikariak (hangoak nahiz hemengoak) estatistak barik estatuistak direla: astoen astatismoan astaturik daude. Ez dago ezer gaitzagorik mugitu nahi ez duen astoa mugiaraztea baino. Politikariak bere astoari egiten dio arre, eta besteen astoei, ixo. Norberaren arretolikak balio du. Nork bere buruari, arre; gainerakoenari, orro.
ESTATUISTA: haren printzipioetan eta ideologian estatua bat bezain tinko eta finko astatuta dagoen estatista.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: