Ashlee Carson

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2010-01-08 17:15

Ashlee Carson izeneko baten mezua jaso dut posta elektronikoan: “Your little friend gives you big problems?” 

Badakit zer egiten duten pertsona zentzudunek horrelakoetan: zakarrontzira bidali mezua. Hala ere, galderari begira gelditu naiz, tontotuta. Spam horren atzean nor dagoen imajinatzen aritu naiz. Ingeleseko berba hori gure hizkuntzako ezpain hitzarekin lotu dut. Bai, ezpain gorri erakargarri batzuekin. Sofia Lorenenak etorri zaizkit gogora. Ordezko egokia iruditu zait “spam” hitza itzultzeko: ezpaina. Postontzi elektronikoak gure musuen bila datozen ezpainez betetzen dizkigute. Amu-ezpainez. 

Amu-ezpainaren galdera irakurri dut, atzera ere. Nire buruan zirkuitulaburrak izaten ditut maiz, pentsamenduen labirintoetan galtzeko jaugina izaten dut. Horixe gertatu zait berriro ere: flash back horietako bat egin dut, Hizkuntza Eskolan ibili nintzen garaira joan naiz. Bost urte egin nituen bertan, eta zertarako? Orain mezu hori jasotzeko? Non arraio gelditu da zorioneko “does” hura? Ondo gogoan dut ahozko proban zergatik izorratu ninduten, edo, hobeto esanda, zergatik izorratu nuen neure burua. “Your sister wants drinking something?” galdetu nion elkarrizketakideari, eta berehala konturatu nintzen hanka sartu nuela. Eta, hala ere, ez nuen zuzendu, apropos. Momentu hartan beste zirkuitulabur bat izan nuen: “Benetako perfekzioa akatsak egitea da”, pentsatu nuen. Altxatu eta joan egin nintzen gela hartatik betiko, Hizkuntza Eskolatik betiko, ingeles irakasleak Hizkuntza Eskola nire gainera jaurti orduko.  

Ashlee Carsonen galderari begira, beste ideia bat etorri zait, beste zirkuitulabur bat: ingeles hizkuntzaren hondamendia. Bai, horixe bera. Zer gertatu zen Erromatar Inperioarekin bestela? Barbaroak ez, benetako errudunak Erromako hiritarrak izan ziren, latina hondatu zutenak. Deklinabidea katramilatzen hasten zara, berbak bakoitza bere erara ahoskatzen hasten da, eta akabo hizkuntza. Ezin elkar ulertu. Eta horrela ez dago inperio bat iraunarazterik. Ba, erne: ingelesa bide beretik doa. Ashlee Carson izeneko bat hasten da “does” hori ahazten, Alberto Eguren izeneko beste batek “wants drinking” esaten du non eta Hizkuntza Eskolako azterketa batean, eta konturatzen zarenerako ingeles hizkuntza komuneko paper erabilia bihurtzen da. Argi dago: gauza bat alferrik galtzeko modurik onena jende askoren artean partekatzea da.  

Tira, kontuak kontu, nire pentsamenduen zurrunbiloan hegan nabilela, halako batean Ashlee Carsonen galderaren gainean jarri dut eskutxoa. Zerk mugiarazi dit atzamarra? Dardarizo hutsa izan da, ala planeten lerrokatzearen ondorioa? Klik bat baino ez da izan, eta, hala ere, une horretan dena aldatu da, Lurra Artizarraren airean biraka hasi balitz bezala. Horixe iruditu zait, Orionen konstelaziotik etorritako erradiazioa-edo sentitu baitut bat-batean hanka bitartean. Nire zintzilikarioa sumendi hila izan da orain arte, ez du batere aktibitaterik izan azken berrogei urtean: isuri duen produktu bakarra puxikaren destilazio toxikoa izan da. Bai, orain arte ez diot inortxori aitortu: zerosexuala naiz. Ez daukat batere grina sexualik, sekula ez dut izan. Nire barrabilak Neptunoko sateliteak bezain materia hila dira. Orain arte. Miraria izan da? Madarikazioa? Bai, praken azpian herensugea moduko bat altxatzen igarri dut. Hura sua! Hura erektrikara! Prakak erantzi eta munstroari begira geratu naiz. Kobra baten antzera zutitu eta pozoia jaurti du, litroka. Hura bai orgasmotzarra! Izan ahal da zoriontsuagoa gizakia? Minutu bat iraun du isurialdiak, horixe begitandu zait niri behintzat, estasi betekada bat, berrogei urtean izan gabeko plazerren metaketa, denak minutu lorios batean tsunamia legez etorri zaizkidanak. 

Haluzinazio bat izan dut ondoren: lurrean isuritako hazia erreka baten gisara hasi da mugitzen, gorantz, ordenagailuaren pantailarantz, eta, azido sulfurikoa bailitzan, bidean dena erre du. Pantaila bera deuseztatzen hasi da, eta, gero, errekak aurrera jarraitu du: Interneten sartu eta munduko ordenagailu guztiak erre ditu. Bai, munduko ordenagailu guztiak hauts bihurturik imajinatu ditut, akabo latina, akabo ingelesa, akabo gizateriaren jakituria konputagailuratua! Horixe izango litzateke salbabidea: haitzuloetara bueltatzea, adimena suntsitzea, gizakia sexuaren grinetara mugatzea. 

Orduantxe bururatu zait Ashlee Carsonen galderarentzako erantzuna: gizakiaren benetako arazoa ez da sexua, urdaila baizik. Jan beharrak sortu du anbizioaren kontzeptua, eta anbizioak gizateria hondatu du. “Big problems” ororen iturria hitz hau da: NIREA. 

Pentsamendu horiek alboratuta, lasaitasun mistiko batek hartu nau, orgasmo-ekaitzaren ostekoa. Bai, barrabilak haziz beteta edukitzea sekula ez da ona izan: gizakia odolgaiztotu egiten du. Hori bazekiten Erromatar Inperioko armadako buruzagiek, euren soldaduei galarazi egiten baitzieten gudaren aurretik larrutan egitea, hazi-poltsa beteek suharrago bihurtzen zituzten eta. Hortik ote dator erromatar zuhur-hitza, “semen retentum venenum est” dioena? Bada, nik, pozoi hori berrogei urtean izan dut gordeta, lo, eta bat-batean dena hustea liberazioa izan da. 

Zoruan barreiaturiko isuri likina batzen hasi naiz, koilaratxo batez, eta kristalezko ontzi batean sartu dut. “Horra hor bizitzaren esentzia”, pentsatu dut. Estalkia jarri aurretik, tentazioa izan dut, hazi hori dastatzekoa. Tentazioak gure izaeraren arrakalak bistan jartzen dituzten tximistak dira. Zenbat bizitza hondatu dira, tximist horien argi liluragarriek itsuturik… Nork ez du noizbait dena utzi eta desagertzeko tentazioa izan, esaterako? Gogoan dut gaztetan Julian nire lehengusuak eta biok genuen ohitura bitxia. Herriaren kanpoaldera joaten ginen, atzamar egitera. Batak Gasteiz aldera egiten zuen, eta besteak, berriz, Bilbo aldera. Patuak erabakitzen zuen nora joango ginen: lehen automobila geratzen zen aldera. Behin, hamazazpi urte genuela, gurasoei mendira goazela esanda, lau egun egin genituen maiatzeko zubian, auto batetik bestera. Kontua ez zen nora joan. Zorteak erabakiko zuen. “Zazpi automobiletan joango gara. Automobil horiek doazen lekuetara joango gara”. Horixe zen erronka. Carboneras de Guadazaón herrira eraman gintuen zazpigarren automobilak, Cuencako probintziara. Herri ezezagun hartako taberna batean gaudela, pattar-kafe bana edaten, proposamena egin nion Juliani: “Zergatik ez gara hemen geratzen, bizitzen?” Tentazio batek beste bati zabaldu atea… Lehengusuak ezetz, gauza bat egun batzuetako abentura zela, eta beste bat norberaren bizitza hankaz gora jartzea. “Buruko tximist horiek gobernatzen ikasi behar duzu, Alberto”, esan zidan. Nire zoritxarrerako, ez nion jaramonik egin. Nire bizitzaren hormak arrakalaz beteta daude. Nire bizitzaren hormak erdi jausita daude. Buruko tximistek gobernatzen naute, ez dago besterik. 

Tentazio horri ere men egin diot: atzamarra ontzian sartu, hatz mamia hazitan busti eta ahoan sartu dut. Gustatu egin zait zaporea. Orduan, beste tximist batek jo nau: ontzia ezpainetaratu eta den-dena edan dut. “Pozoia izateko, ondo gozoa da”, pentsatu dut. Behingoan gertatu da: dardarka hasi naiz, kafe gaindosi bat hartuta legez, odola Formula-1eko zirkuituan balebil bezala. Lurrera jausi naiz, suge baten moduan kiribilduta. Ez da mina sentitu dudana, beste sentsazio bat izan da, desgorpuztea bezalakoa. 

Ez dakit zenbat iraun duen zorabio horrek. Bat-batean konortea etorri eta oso arin sentitu naiz, batere pisurik ez banu bezala. Ispilurantz joan naiz, bertan munstro bat ikusiko dudan beldurrez. Baina ez: neure burua ikusi dut. Horixe izan da lehen inpresioa. Hala ere, zer edo zer igarri dut, ezohikoa. Bai, azalaren kolorea. Deskolorea esan beharko nuke. Zurbiltasuna izan liteke definiziorik hurbilena, baina ez. Ispiluan ikusi dudan aurpegia ez da zurbila izan, zurbiltasunetik haragokoa baino. Azala margula ez eze lausoa ere begitandu zait. Areago: aurpegia desagertzen hasi da, ispilu barruko figura atzerantz hasi balitz bezala, ispilutik urruntzen, urruntzen, urruntzen.  

Susmo ikaragarri bat etorri zait orduan. Arropa erantzi eta biluzik jarri naiz. Ispiluan ez dut deus ikusi. Eta, hala ere, zakilak egon behar zuen tokian gogortasuna sentitu dut, ikara bortitza. Baita ahoan ere. Aho barruan suge urduri bat igarri dut, sugearen izpi pozoitsua. Isuri bera dabilkit dagoeneko ikusten ez dudan gorputzean, sumendi barruko labaren antzera. Zakiletik eta ahotik jaurti dut hazia, batere kontrol barik. Plazerra sentitu dut, orgasmo luzea, amairik bakoa. 

Horretan nagoela, arreba igarri dut etxean sartzen, bere gelara joaten. Gizakiaren %70 ura ei da. Nik ur hori irakiten sentitu dut. Dagoeneko ez dakit ura den ala hazia ala argizari erraldoi baten muki-jario pozoitsua. Barne indar alimale batek airean bezala eraman nau arrebaren gelara. Afrontua legez sartu naiz, baina arreba ez da konturatu, ez nau ikusi. Oldartu egin natzaio, bortxatu egin dut, nire mihiaren likina dastarazi diot. Oso arin gertatu da dena. Oso atsegingarria izan da. Banpiroen filmekin gogoratu naiz, banpiroen odol-egarri aseezinez. Uste dut irrika bera gidatu nauela, atsegin bera sentitu dudala.  

Orain arreba lurrean dago, deskonorturik, baina badakit ispiluaren aurrean plantatzen denean bere isla desagertzen ikusiko duela, urruntzen, urruntzen, urruntzen.  
 
 
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: