Arturo Vega

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2008-12-29 14:42

Arturo Vega esaten didate ziegakideek. Gauetan, gorantz begiratu eta atzamarraz marrazten diet izarren bidea. “Horra hor zisnea, eta han, hegoaldean, Antares, Lupuaren konstelazioko izartzarra. Badakizue Antares gure eguzkiaren tokian balego gu beraren barruan egongo ginatekeela?” Seguru errukituta begiratzen didatela, han goian ez baitago izarrik, ziegaren sabai zikina baino. “Hobeto Antares horren barruan bageunde, infernu izoztu honetan baino hobeto egongo ginateke”, esaten diet, baina ez didate erantzuten, badirudi hormak direla nire entzule bakarrak, egiazkoenak. Nire berbak eurak lei kandelak legez geratzen dira airean eskegita, presondegi hau izozmendi baten erraietan eraiki zutela ematen du, hemen pentsamenduak ere hormatzen dira.



Oso urrun geratu da hona sartu ninduten eguna. Batzuetan pentsatzen dut bertan jaio nintzela, nire askazia guztia horma hauen artean hazi dela, kartzela honek ez lukeela zentzurik ni gabe.

Hemengo bizimodua jostorratz baten zulotxoan sartzen da. Egun osoa ziegan ematen dugu, eta eskerrak. Lehen patiora eramaten gintuzten, baina orain laborria eragingo liguke ziegako atea zeharkatu beharrak berak. Gustura gaude infernu honetan, ziega honetako altzari zaharrok. Gu gara beraren bihotza, gugatik mantentzen da zutik, ezpabere zentzurik ezaren monumentu deboilatua izango litzateke, erraldoi ahaztu baten eskeletoa.

Lehen, urtean behin edo, zaintzaile batek atea zabaldu eta bisita genuela esaten zigun. “Zure gurasoak etorri dira”, esaten zidan, bere ahots metalikoaz, bisita gelarantz ninderamala. Eta bertan, aulki banatan jarrita, betiko bikote arrotza. “Zer moduz, seme?, galdetzen zidaten, baina nik banekien haiek ez zirela nire gurasoak. Txotxongiloak baino ez ziren, edo hori sinetsi nahi nuen, euren antigoaleko jantzietan txorimaloturik, erretratu zahar batetik ihes eginak bezala. “Argazkiak ekarri dizkizugu kutxa honetan. Zure jaiotzakoak. Umetakoak. Etxekoenak. Bakarrik sentitzen zarenean, kutxa zabaldu besterik ez daukazu etxera bueltatzeko, seme.” Eta kutxarekin itzultzen nintzen ziegara. Lastairan jarri eta kutxa zabaltzen nuen. Barruan, ezer ez. Hutsa. Ziega kutxa hutsez beteta genuen, horixe zen gure iraganaren historia.

Baina urteak dira ziegako atea azkenengoz zabaldu zenetik. Amaitu ziren kutxa hutsen bisitaldiak. Janaririk ere ez digute ekartzen. Ez dugu behar. Iluntasuna da gure elikadura bakarra, erloju geldituen denbora. Airea bera ere lizunduta dago, leihorik ezean gure birikak elkarren arnasaz puzten dira, ozeanoaren hondoan bizitzea bezalakoa da hau.

Kanpoan ez da ezer entzuten, ezta haizearen negar zorrotza ere. Seguru nago kartzelako zaintzaileak aspaldi joan zirela, ziegako atea bultzatu eta zabaldu egingo litzatekeela, baina zer dago hor kanpoan guretzat? Hain urrun geratzen zaigu atea bera! Arturo bezain urrun. Vega bezain urrun. Guretzat aspaldi desagertu ziren izar horiek guztiak bezain urrun. Eta hala ere, sekula amaitzen ez den gau honetan, lastairatik seinalatzen diet ziegakide ikusezinei izarren bidea, gure noraeza gidatzeko salbabide bakarra balitz bezala, azken baten gure ziega hau kutxa txiki huts bat baino ez da, gurea bezain huts dauden kanpoko kutxa horietako txikiena, ezdeusena, perfektuena.
 
 
Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: