artista / erotiko

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-06 12:53

Kontuz ibili behar da zer esaten den. Behin, Lekeition zera jazo ei zen (ea bertako norbaitek konfirmatzen digun): lagun batzuk kalean berbetan zebiltzala, batek hor doa atrakadorea esan zuen. Hurrean txapelokerrak zeuden bai, eta atzetik joan zitzaizkion. Atrakadore hura portuko ontzi baten sartzera zihoala atzeman zuten. Haren estualdia! Eta bai: atrakadorea zen. Zer da kontua? Bada, guardia zibilek ez zekitela berba horrek Lekeition hau esan nahi duela: ontziak porturatzen dituen pertsona.

Berba berak gaztelaniaz eta euskaraz esangura desberdinak dituenean, kontuz! Pasadizo, kasurako. Tira ba! Beste pasadizo bat kontatuko dizuegu, hau ere Lekeition jazorikoa, antza. Herrian andre bati komunistia esaten zioten denek. Patxiren diktadura garaia ei zen, eta azkenean andre horren ospea txapelokerren belarrietara ailegatu zen. Haren lantokira joan ziren, atxilotzera. Badakizue zer lan zuen andre hark? Komunak garbitzea. Lekeitiarrez esanda: andre hura komunista zen.

Bada Lekeition beste berba bat itxuran gaztelaniaz bezalakoa: asmatiko. Baina kontuz! Berba hori asmarekin lotzen baduzue, hots, txurrunarekin, bular-hartuarekin, txarto zabiltzate. Lekeition asmatikoak imajinazio handiko pertsonak ei dira, asmatzeko gaitasun handia dutenak. Eta, hain zuzen ere, hiztun asmatikoak behar ditugu, euskara arnasestuka ibil ez dadin. Berdin dio berez euskararenak ez diren atzizkiak erabiltzen baditugu. Erabiltzen hasten garenetik, geureak dira.

Har dezagun droga berba, adibidez. Eta ez, ez gara haxixaz edo txitxiparraz ari. Droga, Bizkaian, borroka da, liskarra, matraka, demanda. Horren adjektiboa drogoso da. Badakigu atzizki hori ez dela euskal labelduna, ez dela euskararen labean egina, eta zer? Guri polita iruditzen zaigu berba: drogoso. Hots, borrokazale, iskanbilazale. Aproposa da gaztelaniazko “broncas”, “follonero” esateko: “Korta drogoso hutsa da”.

Itxuran gaztelaniazkoak bezalakoak diren berbak gogoan izanda, ezberba bi dakarzkizuegu gaur: Artista eta erotiko. Denok egongo zarete pentsatzen klub batzuetan barra batean gora eta behera ibiltzen diren neska horiekin, ezta? Bada, ez! Zer dago artista hitzaren oinarrian?: arte. Eta hitz horrek esangura ugari ditu euskaraz. Besteak beste, amarrua, marroa, iruzurra. Beraz, artista amarru-egilea, marrotsua, iruzurtia da. Eta zer esan erotiko ezberbaz? Ez du zerikusirik erotismoaz, ezpada ze erotzeaz. Erraza da: asmatzen duena asmatikoa bada, erotzen duena erotikoa da. Beraz, zer da artista erotikoa? Bada, zoratzen gaituen tranpa egilea.

ARTISTA: iruzurtia, tranpak egiten dituena.

Horrekin ez dut egundo kartetan egiten, artista hutsa da eta!

Ez da arraroa artista horrekin zapatero gelditzea…

 

EROTIKO: enparauak erotzeko gaitasuna duena.

Muniain oso jokalari erotikoa da. Denak erotzen ditu bere joko azkarrarekin.


Utzi iruzkina: