Artemio Langara
Artemio Langararen begirada hodeiertzean bizi da.
— King-Kongek Heidi harrapatu du. Horixe uste dute denek, baina ez da egia.
Doktoreak zerbait idatzi du mahai gaineko orrian, eta ondoren Artemiori begiratu dio.
— Eta zein da egia?
— Alderantziz izan da: Heidik gatibatu du King-Kong. Begirada samur horrekin liluratu du. Ez duzu King-Kongen begien distiran erreparatu? Maitemindu egin da, ez dago dudarik.
Doktorea gogoetatsu geratu da. Beste esaldi bat idatzi du orrian.
— Eta nola gertatu da hori?
— Heidi hor kanpoan egon da, itsasoan bainatzen. King-Kong heldu denean Heidi itsasotik bueltan datorrela ikusi du, biluzik. Bere gorputz esnea lakoak hipnotizaturik utzi du King-Kong.
Doktoreak kanpoaldera begiratu du. Ez dago itsasorik, ez hondartzarik. Sendategia mendian dago. Kanpoan belardiak eta basoa, besterik ez.
— Eta zer egiten zuen Heidik hondartza horretan, hain bakarrik?
Artemioren begirada hodeiertzetik jausi da, ozeanoan hondoratu da.
— Kurbak behar ditugu. Lerro zuzenak arriskutsuegiak dira. Kurbak dira gure salbazioa.
Doktoreak beste esaldi bat gehitu dio txostenari: “Artemiok kurbetan bilatzen du babesa min egin diezaiokeen galdera bat egiten diodanean.”
Gelara bueltatu ahal dela esan dio. Artemio nagiro altxatu da. Irten orduko gelditu, doktoreari begiratu, eta azken berba batzuk ezpaineratu ditu, dortokaren trentinaz:
— Huts hori egin zuen King-Kongek New Yorken: Empire State eraikinaren zuzentasunak galdu zuen. Baina orain Heidik babestuko du. Apuntatu hori zure orrian, doktore jauna.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: