Arrain txiki bat beti zegoen beldurrez, hain txikia izanda arrain handi
batek jan egingo zuela eta.
Egun baten, mutiko bat ikusi zuen itsasbazterrean, itsasoari begira. Eta,
hara!, mutikoari betaurrekoak uretara jausi zitzaizkion! Arraintxoak
betaurrekoak harrapatu eta jarri egin zituen.
—Eneeee! Dena hamar bider handiago ikusten da eta!
Orduan otu zitzaion arrainari zer egin: bere benetako itxura ikusteko beste
arrainek betaurreko haiek jarri behar zituztelako zurrumurrua zabalduko zuen. Pentsatu
zuen: Betaurreko hauek jartzen badituzte,
pentsatuko dute hamar bider handiagoa naizela, eta, hala, beldurtu egingo dira.
Handik egun batzuetara, arrain handi batek betaurrekoak hartu eta jarri
egin zituen. Eta hauxe pentsatu zuen: Hara!
Nik arraintxo hori egunero ikusten izan dut, baina ez diot sekula jaramonik
egin, jan arren ere gosetuta jarraituko nuke eta. Horrexegatik uzten nuen
bakean. Baina, betaurrekoak jarrita, hara ezustekoa!: nik uste nuena baino
hamar bider handiagoa da eta! Jaten badut, tripa bete-bete egingo dut!
Eta zer egin zuen? Arraintxoa jan!
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: