Argirantz
Azken egunetan areagotu egin zitzaion egonezina: itolarri moduko bat sentitzen zuen, toki ilun eta ulertezin hura abandonatu behar zuela esaten zion barneko ahotsak, eginak zituela han egin beharrekoak.
Itolarria gero eta latzagoa zen. Artegaturik pasatu zituen azken orduak, baina, halako batean, argi bat ikusi zuen tunela zirudien barnebide baten amaieran, eta harantz jo zuen, senak gidatuta.
Toki ilun eta heze hartatik ihesi, garrasiak entzun zituen. Ikarak bihotza bortizki kolpatzen bazion ere, ez zegoen atzera-bueltarik, kosta ahala kosta tunel amaieraraino heldu behar zuen argi hark gidaturik.
Irudiak etorri zitzaizkion, han emandako egun guztiak bata bestearen atzetik zetozkion abiada bizian, eta zorabio sakon bat sentitu zuen presondegi hartatik ihesi, ez baitzekien zer zen argi itsugarri hura, erremediorik gabe irentsiko zuen eguzkia lako argi hura, eta bat-batean burua atera zuen tuneletik, eta ezerezean jaustera zihoala pentsatuta negarrez hasi zen, harik eta esku haiek heldu zioten arte.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: