Aresauro

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-07 22:21

 

Munstro mikologiko-politikoa. Mikologikoa, perretxiko toxikoa delako; politikoa, haren helburu nagusia guri polittak pasaraztea delako. Izaki beldurgarria da: haren kode genetikoan arakatuz gero, erraz antzemango dugu ondoriotasun zuzena  Garai Ilunetako zenbait piztia politikorekin, hala nola Fragarekin, Martin Villarekin edo Rosonekin. Barneak endredatu egiten zaizkigu Barne Arazoetako ministro horien izenak entzunda, eta, era berean, barneak hustu beharrean jartzen gara Aresauroren agerraldi izugarrietan. Izan ere, haren begiak gorroto-balak dira; haren berbak, gezi pozoitsuak; haren jarrera, zezen espainol amorratuarena. Bakarrik falta zaio ahotik sua jaurtitzea, herensugeek bezala.

 

Aresauroren agindupean labezomorroak diruditen aresklabo batzuk aritzen dira, Aresauro barne-beltza bezain beltzak. Buruetan dago aldea: Aresauroren burua ilemortua da, azal lodi eta toxiko horretan ezin baita ezta belar txarra hazi; haren aresklaboen buruak, berriz, estalita ageri dira beti. Ezin aurpegia ikusi. Hain itsusiak ote dira? Ala egiten dituzten itsuskeriez lotsatzen direlako estaltzen dute aurpegia? Aresauro ez da lotsatzen, ordea. Aresklaboek egindako ez-egitekoak aurpegiratzen dizkiotenean, berak beti izaten du prest arestolika berbera: proportzionaltasun profesionalaz desarratzen du GEZURRAAAAAA!!!!!! hitza, salatariak txakurraren salara bidaltzeko.

 

Zer, dagoeneko argi dago gaurko ezberbaren esangura, ezta?

 

ARESAURO: tiranosauroen leinuko piztia politiko beldurgarria, izugarrikeriak agintzeaz eta justifikatzeaz arduratzen dena, proportzionaltasun profesionalaz.

 

Ea ba, ume!, jan arraina, ezpabere Aresaurok eramango zaitu.


Utzi iruzkina: