Aparicio Sarabia
Aparicio Sarabiak oihu egitea alferrik zela erabaki zuen: zulo haren kanpoaldetik inork ez zion entzungo. Ia seguru zegoen kordea galdu zuela bertara jausi zenean, hain kolpe handia zuen buruan. Haraino zelan ailegatu zen gogoratzen saiatu zen. Ez zen erraza: irudi solteak baino ez zituen, eta hutsune ugari. Norbaitek bultza egin ziolako irudipena zuen. Baina, zertara joana zen hobi haren ertzeraino? Txiza egitera, agian?
Gaueko ibilaldi alkoholikoa gogoratzen ahalegindu zen. Larunbatero bezala, taberna jendetsuetan ito zuen bere bakardadea, gintonik ugarietan. Txirri asko erre zituen, gehiegi. Edozein modutan, ez zegoen autoa hartu eta etxera bueltatzeko moduan. Bertan lo egin beharko zuen, atzeko jarlekuan botata, askotan legez. Errituala bilakatua zen zapatuetako erromesaldi hura: bazkalostean autoa hartu eta hiri urrun batera joan. Beti herri desberdinetara. Gero eta urrunagoetara. Esan zitekeen halaxe saiatzen zela bere bizitza funsgabeari ihes egiten, autoa hartu eta ahalik eta urrunen joanez, bere etsipena alkoholean hondoratuz. Mundutik desagertzeko modurik onena taberna jendeztatuetan galtzea zen, inurritzea. Hordiak eragindako amnesia zen Aparicio Sarabiarentzat salbazio bakarra. Ezer ez gogoratzea, bizirik hiltzea.
Horrexen aurka egin behar zuen goiz umel hartan borrokan Apariciok, gau hartako hutsuneen aurka. Kostata, taberna baten irudia etorri zitzaion gogora: bere burua ikusi zuen barra atzeko kristalean islatuta. Hondamendiaren aurpegia. Gintonikaren barruan sentitu zen, itotzear, izozmendien artean galdutako ontzi deslaiaren antzera. Botagura. Erraiak goitikatu beharra. Bultzaka irten zen kanpora. Mozkorraren eldarnioz, gaueko paisaia vangoghtua, desitxuratua begitandu zitzaion. Tirri-tarraka zihoala, etxeak dantza eroan zebiltzan, gora eta behera, tartalo baten eskutzarrek inarrosiak legez.
Non ote zegoen autoa? Kale anonimoen labirintoan galdu zen. Denak berdinak, denak arrotzak. Zenbat denbora ibili zen horrela, inora bidean? Haize hotzaren sentsazioa etorri zitzaion gogora, sastakai zorrotzen moduan saihetsak sakailatzen zizkiona. Beharbada pentsatuko zuen autoa ezin topatu eta beste aterperen bat bilatu beharko zuela. Bai, horrexegatik sartuko zen kanposantuan, bazirudien patuak haraino eraman zuela, eta desordu hartan berarentzat zabaldu zituela burdina ugertuzko ate erraldoi haiek.
Zer gertatu zen gero? Hordiaren lurrunak kanposantuko behe-lainoa baino zarratuagoak ziren Apariciorentzat. Buruan zuen minak eztanda egin baino lehen, azken irudi bat etorri zitzaion, zirriborratua: kanposantuko iluntasun itsaskorraren artean, han, urrun, giza irudi bat. Burdina imanera legez oldartu zitzaion. Ez zion atzera begiratzeko astirik ere eman, ezustean harrapatu zuen, hobi sakonaren ertzean txiza egiten zebilela.
Aparicio Sarabiak, hobiaren goialdetik, nola jausten zen arretaz begiratu zuen, eta orduantxe erabaki zuen munduan ez zuela inon aurkituko ezkutaleku hoberik atseden hartzeko.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: