Antonio Velardiez

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-02-17 10:16

Antonio Velardiez nintzen. Horrela esan beharko dut: nintzen. Nola azaldu bestela egoera hau. Egoera maskal hau. 

 

Noizbait entzuna nuen aireportu handietako gaitzaren kontu hori. Asmazio hutsa zela iruditu zitzaidan, hiri kondaira horietako bat. Labur esanda: aireportuetako korridore luzeetan deslai ibiliz gero, ailegatzen da momentu bat zeinetan ez baitakizu bueltatzen: ezinezkoa da eserita egon zaren tokira bueltatzea.

 

Adibidez, guri bezala hegaldirako lau ordu luze falta direla-eta altxatu eta lagunei banoa osteratxo bat egiten esanda alde egiten duzunean, dagoeneko jarlekuan egoten aspertu zarelako eta aldameneko bizardun betaurrekoduna berba eta berba ari delako, soilik jubilatuek dakiten era ilustratu horretan, hiri kondaira horren arabera aireportuko korridoreetan betiko galtzeko arriskua daukazu. Arrisku txikia, ñimiñoa, ia-ia gertaezina, gure planetak zulo beltz batean jausteko duen probabilitate txatxarraren parekoa, kasurako. Baina estatistikek hori daukate: nahiz eta komaren alde banatan 0 zenbakia egon, nahikoa da haren ostean 1 zenbaki xumea egotea arriskua izateko. Ezinezkotzat duguna ere jazo ahal da, horixe besterik ez. Esate baterako, 2036ko apirilaren 13an Lurretik 29.450 kilometrora pasatuko den Apofis asteroidea, kasualitate ia ezinezko bategatik, lur azalean jaustea, non eta norberaren buru gainean.

 

 Munduko aireportu handietako korridoreak horrelako gizaki galduz populatuta ei daude. Normalak dirudite, gizaki arrunt-arruntak. Gure ondotik pasatzen dira, haien maletatxoak narraz daramatzatela, edo hegaldien berri ematen duten telebista-pantailei begira egoten dira, edo dendarik denda dabiltza, erosi nahi ez dutena nagikeriaz aztertzen dutela. Baina denak galduta daude.

 

Aireportuak ezlekuak dira, eta gaitasun estrainio eta beldurgarri hori daukate: tarteka, zu edo ni bezalako pertsona arruntak fagozitatzen dituzte, ez-pertsona bihurtzen dituzte. Telefono mugikorrez berbetan ari direla ere, haien berbeta antzua da, eta haien hizkuntza, ez-hizkuntza.

 

Halako bat ikusi nuen komunean, eskuak garbitzen ari nintzela. Horixe iruditu zitzaidan behintzat, begiratzeko zuen era hutsal eta galdu hargatik. Sonanbuluaren tankera hartu nion, halako modu axolagabe eta trauskilean mugitzen zen.

 

Begirada hark izutu egin ninduen, baita haren ibilera noragabeak ere. Komunetik irten eta artegaturik abiatu nintzen emaztea eta biok jesarrita geunden tokirantz. Bihotzaren taupadek min egiten zidaten lokietan, mailukadak ziruditen. Halako sentsazio desatsegina nuen, ahoa lehorturik eta burua punpaka, burmuina edozein momentutan eztanda egingo duen leherkari bihurtu balitzait bezala.

 

Abiatu nintzen, bai. Eta hala nabil orain ere. Oraindik ez dut emaztea aurkitu. Nire beldurra da hura ere altxatu eta ez ote den galdu, korridore beti berdin hauen labirintoan.

 

Eta zer egin dezakezu korridoreen ostean korridore gehiago besterik ez dagoenean, zure jarlekua non dagoen ahazten zaizunean? Begirada laino artean galtzea bezalakoa da, halako sortasunak gidatzen zaitu, eta jitoan joatea beste erremediorik ez daukazu, korridore amaigabe hauen eldarnioan, nor zinen ere oroitzapen lausotu bat besterik ez dela.

 

 

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: