Angel Agirre

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-05-04 11:37

Angel Agirreren bizitza ez da museo batean sartzen. Bere bihotzean matxinsalto bat bizi da, ez da dudarik. Eta matxinsalto horren manupean, munduan jauzika ibili da: Mont Blanceko kremailera trenaren gidaria izan zen, Almadengo merkurio meatzeetako langilea, Lisboako Cantinho da Paz jatetxeko sukaldaria. Greziako Elefsis hiri industrialean indusketa lanetan ibili zen, petrolio-ontzi hilen artean. Moskun matryoshka tailer batean aritu zen, eta handik aurrera Ural mendiek irentsi zuten.


Munduari laurogei buelta emanda, iaz sorterrira bueltatu zen, aspaldiko amets bat betetzera: bere aitita-amamen hizkuntza ikasi nahi zuen. Horixe adierazi zidan abenduaren sei hartan, Molly Mallonen euskaltegiko ikasleekin parrandan nengoela. Nigana etorri eta ea bere euskara irakaslea izan nahi nuen galdetu zidan. Baietz erantzun nion, ez dakit edaten ari nintzen laugarren Guinnessaren alegrantziak bultzaturik, edo bere ahots beroak eragin zidan zirraragatik. 


Hirurogeita hiru urte izanda ere, oraindik gizon erakargarria da. Ondoan jartzen zait, eta ez dakit bera den astiro-astiro nigana hurbiltzen dena, edo ni naizen bere ondotxora egin nahi duena. Gure belaunak elkartzen direnean bero-ikara sentitzen dut, eta oraindik ez dut erabaki sentsazio horri nola deitu, miresmena ala maitasuna.


Bitxia da Angel. Liburuetako pasarteak ekartzen dizkit, euskaratzeko. Lehengoan esaldi honekin etorri zitzaidan: “Las piernas largas y blancas de las prostitutas deslumbran a muchos automovilistas.” 


—Nondik atera duzu esaldia?-galdetu nion.

—Berlin hiriko gida batetik. Badakizu? Ezagutu ditudan tokien oroitzapena bizirik mantentzeko modua da, gida horiek irakurtzea.


Eta bihotza trostan jartzen didan modu horretan begiratu zidan.


—Oranienburger Strasse aldean egoten ziren. Ni hango tabernetara joaten nintzen, lanaldiaren ostean. Bainu termal batzuetan lan egiten nuen, Vouliagmenin. Gustuko izango zenuke bertako giro lasaia.


Hizkuntza batetik bestera zelako aldeak dauden, horrexek txunditzen du Angel. Hizkuntza bakoitzak errealitatea ulertzeko duen ikuspegia: “bihotzerrea” hitza, kasurako. Edo “maitemindu” hitza. 


—Nola itzuliko zenuke “deslumbrar” hori?


Nik hauxe proposatu nion: “Emagalduen hanka luze eta zuriek auto-gidari asko itsutzen dituzte”. Berak ezetz. Ez zitzaiola “itsutu” aditza gustatzen. Hizkuntzaren kontraesanak aipatu zizkidan, ea nola diren posible “argiak itsutu nau” modukoak, esaterako. Emakumeen  hanka luzeak bezalako gauza ederrik ez dagoela munduan, eta horrek ezin duela inor itsutu. Beste aditz batzuk proposatu zizkidan: liluratu, erakarri, gogoberotu… Baina aproposena “hipnotizatu” iruditzen zitzaion. Eta “emagaldu” hitza ere ez zuen batere gustuko. Galduta, egotekotan, eurengana doazen gizonezkoak daudela. Eta ondoren, bere itzulpena bota zidan: “Kale-maitagarrien berna luze-zuriek auto-gidariak hipnotizatzen dituzte”.


Neu ere hipnotizatuta nago Angelekin. Atzo esan nion nahiko ondo dakiela aitita-amamen hizkuntza eta ea klaseekin jarraitu nahi zuen. Berak baietz, oso irakasle ona naizela, eta nire bisitak oso atsegin dituela. Baldintza bat jarri nion: diruz ez, beste modu batera ordaindu beharko zizkidan klaseak. Begira geratu zitzaidan, ea zer esaten nion.


—Zure istorioak kontatu behar dizkidazu. Munduan zehar ezagutu eta bizi izan dituzunak. Egun bakoitzean bat, klaseen ostean.


Baietz esan zidan, baina ziur nago berak beste zer edo zer espero zuela: neuk ere desio nuen horixe. Hala ere, zer dago kitzikagarriagorik musukatu nahi dituzun ezpainak zureetatik milimetro batzuetara edukitzea baino, eta horrela egotea, desioaren arnasa usaintzen?


Bere baietza entzunda, erraietatik atera zitzaidan galdera:


—Eramango nindukezu zurekin, berriro munduan zehar joango bazina?


Eskua hartu zidan.


—Etorriko zara?


Bihotza trostan jartzen didan modu horretan begiratu zidan, berriro ere.


—Neu naiz zure maitagarria.


Gure ezpainen arteko distantzia milimetrikoa jateko unea iritsi zela esan zidan bihotzeko matxinsaltoak.
 


Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: