Andres Amantegi

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-11-23 13:19

Andres Amantegi, Pentateukoaren garaiko kristauardia, erabat fedegabetu zen Vaticano irratian albiste hau entzun zuenean:  

“Kristau maiteok, jakinarazi nahi dizuegu berri ikaragarri bat: Jaungoikoa hil egin da. Berpizkunde egunean hil zen, exortzismo baten ondorioz. Jaungoikoak aita saindu bat zuen barrenean, eta hura gorputzetik ateratzeko saioan hil zen. Goian balego!”. 

Albiste haren ondorioz, Andres Amantegik fedea nola deuseztatzen zitzaion sentitu zuen: komunean ura hutsitzen denean bezain bat-batekoa izan zen.  

“Mundua gaixorik dago”, pentsatu zuen.  

Eta, hustasun izpiritual hartan, zerbait egiteko beharra gailendu zitzaion: munduaren gaixotasunaren iturria bilatuko zuen. 

Non, baina? Asko eta sakon pentsatu ondoren, azkenean boreala ikusi zuen (ohar bedi irakurlea “boreala ikustea” ez dela argia ikustea bezain ikuskizun argia; atzetik: esperientzia lisergikoa da, sasimistikoa, sursunkordiarra, kalamukada surrealista bat bezalakola). Hara zer erabaki zuen: munduaren zilborrean egon behar zela gaitz ororen iturria. 

Munduan zehar ibiltzeko, Lazaro bere txakur itsuak gidatuko zuen. Bai, hark eramango zuen zilbor galduraino, haren sokaren teinkadek erakutsiko zioten bidea, bekatu-labirinto bihurtutako munduan zehar. Ez zuen batere duda-tantarik: bera izango zen salbatzaile berria. 

Eta pentsatu zuen bidaia hura amaitzen zenean “arroz movie” bat filmatzea ona izango zela, bidez bideko abenturak kontatzeko. 

Ibili eta ibili, halako baten lur idor batera heldu zen, basamortu antzeko batera. Eta, bertan, pertsona bat aurkitu zuen, itxura primitibokoa, zutabe bakar baten gainean igota. Pertsona horrek orro egin zion, ezin jakin mehatxatzeko ala erakartzeko. 

Zutabearen oineraino ailegatu zenean… 

S.E.Jr.: Nor zara zu?

A.A.: Ni Andres Amantegi naiz, Pentateukoko gizakia. Eta zu, nor zara?

S.E.Jr.: Ni Simon Eremuko Junior naiz.

A.A.: Simon Eremuko haren semea?

S.E.Jr.: Ez zehazki. Semea izateko kopula beharrezkoa da, eta ni ez ninduten horrela sortu.

A.A.: Nola sortu zinen, bada?

S.E.Jr.: Simon Eremuko haren desintegraziotik. Haren humusetik.

A.A.: Beraz, sortu zinenetik gehiago zaude hor?

S.E.Jr.: Bai, eta beti zutunik. Horrela lortu dut araztasun izpirituala. Bekatu guztiak etzanda zaudenean bururatzen dira.

A.A.: Zein da zure elikua?

S.E.Jr.: Hegaztien zirina.

A.A.: Ez dut nik hegaztirik ikusten.

S.E.Jr.: Madarikatuak sinisteko ikusi beharra dutenak! 

Orduan, bere bizar luzeko ile parrasta bat bortxaz atera eta airera bota zuen. Eta ile haiek bat-bateko haize bolada batek gorantz eraman zituen, bistatik galdu arte. Baina, handik lasterrera, Andres Amantegik sekula imajinatu gabeko hegazti-saldoa ikusi zuen, zutabe aldera jaisten. Hainbeste ziren, non eguzkiaren argia itzali zuten. 

Eta iluntasun hartan, zirin zaparrada handia etorri zitzaion gainera. Simon Eremuko Jr. orroka zebilela iruditu zitzaion, han goian. Ez zion deus ere ulertu baina. Hizkuntza arrotzean ari zen, marmar etengabean.  

Mirari haren aurrean, Andres Amantegi belauniko paratu zen, eta Simon Eremuko Jr. gurtzen hasi zen. 

A.A.: Esaidazu, arren, zure jakituria mugagabean, non dagoen munduaren zilborra! 

Baina Simon Eremuko Jr. estasian zegoen. Esaldi bat ari zen behin eta berriro errepikatzen: «Ph´nglui mglw´nafh Cthulhu R´lyeh wgah´nagl fhtagn»  

Andres Amantegik zirin zaparrada hura bataio izpiritualtzat hartu zuen. Bihotza indarberriturik zuen, eta bideari ekiteko maneatu zen.  

Zutabetik urrunduz zihoala, eguzkiaren argia ikusi zuen ostera ere. Azkenengoz atzera begiratzera bueltatu zenean, Simon Eremuko Jr. zutabean ikusi zuen, hegaztien zirinetan blaiturik. Ahots errimez, azken mezu enigmatiko hau bidali zion: “Munduaren zilborra gizakiaren zilborretik arra betera dago”. 

Denbora luzean ibili zen Andres Amantegi esaldi haren mezu ezkutua ulertu nahian, izan ere, bere buru primigenioak ezin zuen argitu ea parabola bat zen, ala lerro zuzen zuria. 
 
 
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: