Andereño Lourdes

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-01-31 19:52

Andereño Lourdesek denbora librean harriak margotzen ditu. Kostaldean batzen ditu, eta, eskuan hartuta, bakoitzari zer marrazki jantziko dion erabakitzen du.

—Zu errusiar panpina izango zara.

Etxeko ganberan margotzen ditu. Amaitutakoan, lagunei oparitzen die.

Niri marigorringo bat oparitu zidan.

Badakizue zer? Uste dut margotzearekin batera harriei bizitza ematen diela. Nire marigorringoa, adibidez, mugitu egiten da: langelako mahaian edukitzen dut, bazter batean. Bada, egun batetik bestera, mahaiaren beste aldean topatzen dut, edo leihoaren ondoko armairuaren gainean ere igual!

Behin, erloju bat marraztu zuen, baina ez edozelakoa, ezpada ze Dalik pintatu ohi zituen erloju bigun horietako bat. Lankide bati oparitu zion, Elvirari. Eta, harrezkero, Elviraren etxean denbora objektu malgua da: uda, adibidez, otsailaren hogeita hamarrean hasten da.

Jakina: andereño Lourdesen harri margotuen ospea Artazugoiko guztian eta handik kanpo ere zabaldu da.

 Behin, inguruko hiri bateko jauntxo bat etorri zitzaion bisitan. Margolari ospetsu haren sekretua jakin nahi zuen. Badakizue zertarako? Munduko gizonik aberatsa izan nahi zuen, zelan eta harriak urregorri bihurtuta…

—Zein da sekretua? —galdetu zion.

—Nik maitasuna jartzen dut marrazkietan, besterik ez.

Jauntxoa ernegatu egin zen. Mehatxu egin zion marrazkilariari:

—Sekretua esaten ez badidazu, eskuak moztuko dizkizut.

Orduan erabaki zuen andereño Lourdesek zer egin. Artazugoikoan badago harkaitz handi bat, herriaren goialdean. Bertara eraman zuen jauntxo hori.

Harkaitzaren aurrean plantatu, eta ate bat margotu zuen. Ate bat harkaitzean.

—Orain, zabaldu atea eta sartu. Barruan topatuko duzu sekretua.

Jauntxoa harriturik zegoen: ateari bultza egin eta zabaldu egin zen!

Pospolo bat isiotu eta harkaitzean sartu zen.

Puntuan, andereño Lourdesek margotutako atea ezabatu zuen. Harkaitza lehengo moduan geratu zen.

Harrezkero, harkaitz horri Jauntxoarena esaten diogu. Eta bertakook jauntxoaren oihuak entzuten ditugu, harkaitzaren barrualdetik sokorruka. Baina, horretarako, artazugoikoarra izan behar duzu: kanpokoen belarriek ezin dute jauntxoaren oihurik entzun.

Andereño Lourdesek harriak pintatzen jarraitzen du. Atzo bertan, harri bat matxinsalto bihurtu zuen.

Ikustekoak ziren eskolako umeen algarak, matxinsaltoaren jauziei begira!

Egia da: eskolako umeek asko maite dute andereño Lourdes. Sekretua? Haren maitasuna.

Harriei bizia emateko moduko maitasun erraldoia.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: