alkohordio
Burutik ahora garraiatzen ditugun ideia batzuk déjà entendu dira: noizbait nonbait entzunak edo irakurriak. Ziur asko, esaten dugun guztia dagoeneko esanda dago. Bai!: orijinalak garela pentsatu arren, kanpaiak besterik ez gara: errepikatu egiten dugu. Azken baten, gizakia loroaren bertsio aurreratua baino ez da. Beraz, hona hemen paragrafo honek behar lukeen hasiera: “Burutik ahora garraiatzen ditugun ideia guztiak déjà entendu dira”.
Kanpaien antzera errepikatu ohi dugun ideia horietako bat hauxe da: zenbat gerra saihestuko ziren buruzagiak mahaian jesarri balira, elkarrekin bazkaltzera (hobeto oraindik: gerra guztiak saihestuko ziren buruzagiek elkar jan balute!). Bazkari on batek gatazka guztiak konpontzen dituelakoa argudio ahula da. Begiratu euskal populua bestela. Beti gaude bazkariak (eta afariak) egiten. Hala ere, herri guztien artean lehenak gara deman, demandan eta gatazkan. Batak sortzen badu alderdi bat (eman dezagun: LAIA BAI), besteak atoan sortuko du haren erreplika (LAIA EZ).
Bazkariaren teknika baino askoz hobea iruditzen zaigu mozkortzera joatea. Alkoholaren eragin magikoen artean, bada bat zoragarria: adiskidetasunaren apologia. Alkoholaren bidez, haserre guztiak ahaztu egiten dira. Akordiorik sinesgaitzenak ere, alkoholez ondo bustiak gaudenean sinatzen dira. Badute alde txar bat, ordea: haien iraungitze-data. Biharamunean, buruko minak kanpaien errepika obstinatu horren antzera jotzen digunean, aurreko gauean agindu ditugun guztiak ahanzturaren zakarrontzian usteltzen dira.
ALKOHORDIO: alkoholaren eraginpean egiten dugun akordioa edo promesa (alkoholaren lurrunak irauten duen bitartean irauten duena).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: