Alexandr Nikolaievich

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-05-25 14:32

Alexandr Nikolaievich Oparin, Guggenheim museoa bisitatzera zihoala, laprast egin eta atzerantz jausi zen. Kaskarreko mandoa hartu zuen Bilboko baldosa ospetsu haien kontra. Han etzanda, zintarri bustian zen bestean luze, indarge sentitu zen, enul, eta halako egonezin deseroso batek inarrosi zuen. Gero, etxetresna elektriko zahar bat betiko deskonektatzen duten moduan, gorputzaren energia nola deuseztatzen zitzaion sumatu zuen, eta txistu desatsegin hura belarrietan. Hura heriotza baldin bazen, eskertu egin zuen bizitzan behin bakarrik hil beharra, hain egoera fauna iruditu zitzaion, hain gazbakoa.  

Ateoek badute arrisku bat, kristauek ez dutena: beraiek bakarrik jakingo dute okerturik egon direla. Alexander Nikolaievichek fede handia zuen ateismoan, edozelan ere. Familian tradizio handia zuen sinesgabeziak. Ez alferrik: bere aititaren anaia bat, Aleksandr Ivanovitx, ospetsu bihurtu zen mundu osoan, bizitzaren sorrera azaltzeko proposatu zuen hipotesiari esker. Hipotesi horrek labezomorro baten sinesgarritasuna ematen zion Jaungoikoaren kontzeptuari. Bizitzaren sorreran behintzat, entelekia horrek atseden hartu zuen, lehen egunetik zazpigarrenera. Meritu hori deskarga elektrikoei eman zien. Beraz, aldareetan ezer jartzekotan, ekaitzak eta tximistak jarri behar zirela esaten omen zuen Aleksandr Ivanovitx zaharrak.  

Alexandr Nikolaievichek Bilboko baldosen kontra jasotakoa baino zartako handiagoa hartu zuen bere aurrean izaki hura ikusi zuenean. Bere fede ateoa mila zatitan puskatu zitzaion, hara! Sekula halakorik! Ez zuen dudarik izan: hura zerua zen. Eta aurrean zuen izaki hark Jaungoikoa izan behar zuen, derrigor.

—Nola zatoz horren horditurik zerura? Zer errespetu falta!

Alexandr Nikolaievich lotsaturik zegoen. Jaungoikoari aitortu behar izan zion vodka batzuk edanak zituela txirrist egin eta taloa hartu zuenean, baldosa madarikatu haien kontra.  

—Txist! Berba zatarrik ez hemen!

Jaungoikoaren ahotsa errimea zen, trumoia lakoa. Gorputza, berriz, mengela, mirrina, hezur-hustua. Kuxin baten gainean zegoen, inoiz izandako handiostasuna aienaturik. Fosila zirudien, eta belaki erabilien hatsa zerion. Alboko gela batera joateko agindu zion, bertan funtzionario batek erabakiko zuela zeruan sartzea merezi zuen ala ez. Orduan konturatu zen Jaungoikoaren ahots trumoitsua zirudiena grabazioa zela. Egia esateko, kuxin gaineko izaki momifikatu hura ezdeusegia zen ezta monosilabo bat ere ahoskatzeko. Seguru zegoen putz eginez gero izaki hura airean desegingo litzatekeela, errautsaren antzera.

Alexandr Nikolaievich alboko gelara sartu zen. Erdi ilunetan zegoen, baina erraz antzeman zien bazterretan jesarrita zeudenei, elizetako erretauletatik ihes egindako fauna marmarti hari. Behin ere ez ziren isiltzen, eta aholkuak ematen zizkioten gela erdian paratuta zegoen funtzionarioari, “galde iezaiozu hau!”, “esan diezazula hori!”, denak bat eginda, elkarri ukondoka, lukikume halakoak! Begitan hartu zuen maiseatzaile aldra hura. Ondo gustura jaurtiko lituzke guztiak otsotara! Funtzionarioari “kaudillo” esaten zioten. Izaki txikitxoa zen, eta ahots barregarria zuen, afeminatua. Berehala ekin zion galdeketari maritxu hark. Gaztelaniaz egiten zuen. Alexandr Nikolaievichek nahiko ondo ulertu zion, nahiz eta hizkera zaharkitua iruditu zitzaion, gazteluetakoa. Ez zituen, ez, Marbellan alferrik pasatu bere bizitzako azken hamar urteak, bitsetan. Inguru hartako dirudun guztiek neska gazte eslaviarrak zenbat atsegin zituzten ikusita, negozio galanta egin zuen denbora laburrean.

Kaudilloaren berba-modua hanpatua zen. Galdera bakoitza diskurtso bihurtzen zuen, erretolika higatua. Baina oso ondo betetzen zuen bere lana. Diskurtso bakoitzaren amaieran “bai” zein “ez” erantzuteak ez zuen axola: galdekatua beti zen erruduna. Horixe gertatu zitzaion Alexandr Nikolaievichi.

—Infernura! Infernu gorri-gorrira! –esan zion kaudilloak, bere ahots afeminatu harekin.

Bazterretako izaki marmartiak zantzoka hasi ziren, burlaka. Inguruan jarri zitzaizkion, eta bultzaka atera zuten gelatik.

—Infernura! Infernu gorri-gorrira! –oihukatzen zuten eten gabe.

Alexandr Nikolaievichi di-da belarrondokoak banatzen hasteko gogoa etorri zitzaion, baina ez zuen indarrik. Arrastaka zeramaten, erremediorik gabe.

—Infernura! Infernu gorri-gorrira!

Letania hark amaigabea zirudien, baina halako batean Jaungoikoaren aurrera jaurti zuten.

—Beste errudun bat, ezta? –galdetu zuen ahots grabatuak.

—Bai, jauna. Infernura zigortuta dago.  

Orduan Alexandr Nikolaievichek harriduraz ikusi zuen nola zabaltzen zen momia atsitu haren ahoa, landare haragijale baten modura, eta nola xurgatu zuen, atzean “infernura!”, “infernu gorri-gorrira!” entzuten zuela. Alexandr Nikolaievich jausten sentitu zen, jausten, jausten. Bertigoaren sentsazioa. Zorabioarena. Eta dena amaitzera zihoala zirudienean, vodkaren hatsa igarri zuen erraietan, eta min itzela buruan.  

Kostata altxatu zen zintarritik, burtzoraturik. Zer gertatu ote zitzaion? Alexandr Nikolaievichek ez zuen ezer gogoratzen, ezta bere izena ere. Burua baldosaz beteta bezala sentitu zuen, hiri ezezagun hartan. Poltsikoak arakatu zituen, erantzun bila. Ekaitzak eztanda egin zuen orduan. Txingorra goian behean. Zerua infernu bilakaturik. Lasterka hasi zen, erdi herrenka, babes bila. Edo ihesi zihoan? Guggenheim museoa begien aurrean agertu zitzaionean, begitazio bat izan zuen, buruko baldosa guztiak kraskatu zizkion haluzinazioa: oinaztu batek museoa bete-betean jo zuen. Sua ikusi zuen, sua Guggenheim osora hedatzen. Gero, eraikina okertzen hasi zen, okertzen, eta minutu gutxiren buruan ibaian desagertzen hasi zen, ibaian hondoratzen.  

Alexandr Nikolaievichek, euripean, galderak baino ez zituen aurkitu, poltsiko hutsetan.
 
 

Bernardo Kapanaga.


Utzi iruzkina: