ahulteskundeak
Heldu da hauteskundeen eguna. Mintza bedi herria! Eta lau urtean behingo erromesaldi antolatuari ekiten diogu, erritual beti berdinari. Ilara luzeetan jartzen gaituzte, gure izen-abizenak errime esaten dituzte mahaiaren atzealdean dauden egunbateko funtzionario behartuek, eta kristalezko hilkutxa dirudien ontzira botatzen dugu geure sententzia kolektiboa. Balizko gerra batera doan boluntarioen ilara inozentea dirudigu, edo auskalo zein treblinkatara bidaliko duten giza salda lotzandua. Gero, egin berri dugun bekatuaren kontzientziaz jabeturik, sugandilen antzera ihes egiten dugu, arrapaladan, nor bere arrakalara.
Gezurra da. Gezurra da aukeratzeko boterea daukagula. Sekula ez digute bizitzaren eta heriotzaren artean aukeratzen utziko: hiltzeko modua hautatzen dugu, besterik ez. Edo, zehatzago esanda, hiltzailea aukeratzen dugu. Horixe da ematen diguten egunbateko botere etereoa. Hauteskundeak, benetan, gure ahotsa anestesiatzeko eguna baino ez da. Bete beharreko protokolo instituzionala: “Hitz egin ezazue guk ematen dizuegun hizkuntzan, hurrengo lau urteetan isilik egoteko pribilejioa izan dezazuen”.
Hona gaurko egunaren benetako izena, hauteskundeen mozorropean ezkutatzen dena: ahulteskundeak. Gure ahuldadea erakusten duen eguna. Ahulteskunde-egunean berresten dugu geure sententzia kolektiboa, egun horretan onartzen dugu lau urtez iraungo duen gure ahotsaren kartzelaldia.
Horrexegatik daramagu egunbateko ahots programatu hori gutun-azal baten barruan ezkutaturik, gure ahuleziaren froga lotsagarria delako.
AHULTESKUNDEAK: herriaren boterearen ahulezia erakusten duen erritual kolektibo erridikulua.
Nork irabazi digu ahulteskundeetan?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: