ahazpirina
Egon ziur: pilula hau izango da XXI. mendeko asmakizun handienetako bat, eta berari esker pentsamendu txarrak, obsesioak, oroitzapen ilunak eta oro har sai saldoaren antzera buruan bueltaka dabilzkigun eta uxatu nahi ditugun kontuak ahaztu ahal izango ditugu. Zientzialariek haren formula deskubritzen dutenean, biagra bera baino famatuagoa bihurtuko da, zatiaz.
Erabilerak? Gura adina! Hona hemen adibide batzuk:
Bata bestearen atzean gordinik irentsitako Mahlerren sinfoniek halako morokil malenkoniatsua eragin dizute, eta zeure buruaz heste egiteko obsesioak boa hertsatzaile baten antzera harrapaturik zauzka? Lasai! Ahazpirina bat hartu eta listo!
Ohean bueltaka eta madarikazioka ari zara lokartu ezinik, nagusiak gaur goizean opor amaigabeak eman dizkizulako, eta gainera ez dakizulako nola esan emazteari aurreztutako diru guztiak makina txanpon-jalearen zirrikitutik jausi zaizkizula, eta horrek guztiak eragin dizun nahigabearen ondorioz berriro hasi zarela erretzen, hogei urteren ostean? Egon trankil! Ahazpirina bat hartu eta patxadaz egin ahal izango duzu lo!
Urte askoren buruan armairutik ateratzea erabaki duzunean, atea zabaldu eta bertan behi gorotz baten moduan geratu zara, agorafobiak jota? Berdin dio! Ahazpirina ahora, eta akabo kezka eta fobia guztiak!
Guk botikaren izena asmatu dugu: ahazpirina; orain, zientzialariren batek asma dezala haren formula. Hori askoz gaitzagoa izango da, eta arazo praktiko bat izango du: norbaitek noizbait ahazpirinaren formula asmatzen badu, hura probatzen duenean akabo! Orduan, formula ahaztu!
Ea nork konpontzen duen arazo hori; bien bitartean, hemen duzue gure ezberba.
AHAZPIRINA: burukominak ahaztea ahalbidetzen duen botika.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: