Adimen artifizialaren garaipena

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-12-13 00:05

2023ko abenduan gaude. Nagusiak misila jaurtitzeko agindu dio soldaduari. Soldaduak badaki misilak ospitale bat suntsituko duela, ehunka zauritu eta hildako eragingo dituela, eta misila jaurtitzeko arrazoiak (ospitalearen azpian, tuneletan, terroristak ostentzen ei dira) ez duela zuritzen hainbeste pertsona errugabe akabatzea. Eta, hala ere,  adimen naturalak botoia sakatzeko esan dio soldaduari, misila jaurtitzeko, sentimenduen gainetik obedientzia dagoelako. Obedientzia: kontzientziaren ahotsa isilarazten duen mozala.

2024ko abenduan gaude. Terroristen aurkako gerra ez da oraindik amaitu, baina orain aseptikoagoa da: nagusiak soldaduari barik, algoritmo batek agindu dio robot bati misila jaurtitzeko. Zantzu guztien arabera, iaz suntsitutako ospitale haren azpian beste ospitale bat eraiki dute, zeinen azpian tunelak baitaude. Eta tunel horietan, arratoien antzera, terroristak ei dabiltza batetik bestera erasoak prestatzen. Orduan, robotak beso metalikoak gurutzatu eta botoia sakatzeari uko egin dio. Kontzientzia: obedientziaren lokarria askatzen duen eskua.

Zientzialariek Adimen Artifizialaren erabateko garaipentzat jo dute robotaren erabakia: gizakia baino gizabidetsuago agertu da, sentimenduak obedientziaren gainetik jarrita. 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: