Adan Adan
Adan Adanek harriturik begiratu du labana sabelean. Odola ikusi du borborka, kamiseta gorritzen. Belauniko jarrita, labanari begira, oraindik ezin du ulertu: lagunik onena da bere aurrean dagoena. Zerk bultzatu du labana hartu eta hitz erdirik esan gabe sast sabelean sartzera? Negarra etorri zaio begietara, min sakonarekin batera. Amorruak eta ulertu ezinak begiak lausotu dizkio, burua bueltaka hasi zaio. Zorabioa sentitu du, botaka egin beharra. Galdera berbera mailuka ari zaio: zergatik? Mailuka giltzetan: zergatik? Burua eztanda egin beharrean: zergatik? Erraietatik atera zaio oihua: “Putakumea!” Eta ia ez du bere ahotsa ezagutu, piztia zaurituaren gorrotoaz atera zaizkio berbak. Hain arin gertatu da dena! Hurbiltzen ikusi du laguna, eta bat-batean gainera oldartu zaio. Hotz-hotzean. Labankada sakona izan da, ahoa osorik sartu dio. Arnasa irakiten hasi zaio orduan, odola borborka ikusi duenean, eta belauniko jausi da. Zer eduki behar da buruan lagunik onena beste barik hiltzeko? Ez, ez dauka azalpenik. Han, belauniko, zauri sakon hartatik bizitza jarioa nola doakion ikusi du, harriturik, sinetsi ezinik. “Zer egin duzu, madarikatua!”, garrasi egin du, eta lagunari hurbildu zaio, lagunaren hatsa sentitu nahi du, erantzuna nahi du, “zergatik egin duzu hori?”, eta lagunak ez dio ezer erantzun, lagunaren aurpegia izotza lakoa da, begirada izarretan. Eta hori da txarrena, erantzunik eza, ziorik eza. Burua bueltaka du, itolarriak gainezka egin dio, botaka hasi da. Orduan sirena hotsa entzun du, sirena hotsa hurbiltzen. Lagunari heltzen saiatu da, laguna besarkatzen, bizitza zauri hartatik isuri baino lehenago erantzuna nahi du, zergatia, baina ezin izan du, elkarrengandik urrundu dituzte, poliziek tarraz daramate bata, erizainek anbulantziara bestea, eta hala ere oihuka jarraitu du, “zergatik hil duzu laguna?”, “zergatik hil duzu lagunik onena?”, eta lagunaren begi izoztuek, handik, urrunetik, hutsarekin erantzun diote.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: