TXIRRINDA MARTXA

ALTUNA Y URIA, TECSA, TXIKITZAILEAK! GURE ESKU DAGO, AHT GELDITU!

Duela zenbait hilabete biltzen hasi ginen Bidasoaldeko AHT GELDITU! ELKARLANA osatzen dugun talde eta norbanakook, erresistentzia biderkatzeko garaia baita. AHT egitasmo izugarria da, suntsitzailea, eta gure esku dago, denon artean indarra egiten badugu, hainbesteko kaltea ekarriko digun asmo txikitzaile hori gelditzea.

Egitasmoaren inguruko informazio eza ikaragarria izan da hasiera-hasieratik. Berriki argitaratu dira gai honi buruzko ikerlan baten emaitzak. Hiriburuetan eta Irunen hainbat galdeketa egin dira, eta horien arabera, herritarren gehiengo zabal batek ez du gai honi buruzko inolako informaziorik, edo eskas du informazioa. Halaber, informazioa dutenen artean askosez ere hedatuagoa da AHTren aurkako jarrera. Honek aldez aurretik susmatzen genuena berretsi baino ez du egiten. Hortaz, gure egiteko nagusia izango da datozen hilabeteotan, eraikuntza lanen hasiera geldiarazteko etengabeko salaketa lanarakin batera, herritarrei erakundeek ezkutatzen dieten informazio ailegaraztea.

Abiadura Handiko Trenak ez die benetako gizarte premiei erantzuten. Inkestaren arabera, herritarren gutxiengo batek baino ez luke erabiliko, eta horietatik askok oso noizean behin. Nola liteke bada tamainako dirutza xahutzea herritar gehienen garraio beharrizanak asetuko ez dituen egitasmo batean? Onargarria al da lurrari eta inguruneari eragingo dion kaltea? Ametitu al daiteke hainbeste nekazal lur suntsitzea? Zein garapen motaren izenean justifika daiteke hori?

AHT geldiaraztea eskatzen duten ahotsak gero eta anitzagoak dira, eta gero eta ozenago entzun daitezke. Ingurumaria honetan, Eusko Jaurlaritzak eraikuntza lanen hasiera iragarri du, eta dagoeneko, AHT-ko zenbait lan egin dituzte Eibar-Gasteaiz autobideko eraikuntza lanak baliatuz.

Horregatik, mobilizazioaren bidea indartzeko garaia dela uste dugu. Herritar eta gizarte eragile orori deia egin nahi diegu AHT gelditu arte elkarlanean aritzeko. Beste eredu baten alde egin beharra dago, bide horrek galbidera baikaramatza. Horien oinarriak hauexek lirateke:

  • Lurrarekiko (ingurugiroa) oreka eta benetako iraunkortasuna.

  • Nekazal lurren babesa.

  • Herritarron benetako premiak.

  • Garraio publiko merke eta iraunkorra.

  • Energia kontsumoaren murrizketa.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari atzera egin dezala esijitzen diogu. Baina gaurkoan, dei berezia zuzendu nahi diegu enpresa eraikitzaileei. Ezin diote muzin egin euren erantzukizunari. Herriaren eta lurraren kontra ari dira, eta horren kontura aberasten. Hori ez dugu onartuko, eta egitasmo txikitzaile horretan parte hartzen duten bitartean euren jarduna salatzen segituko dugu.

ALTUNA Y URIA/TECSA TXIKITZAILEAK!!

EUSKO JAURLARITZA TXIKITZAILEA!!

AHT GELDITU!!

foto gehiago


Utzi iruzkina: