9.astea Moravia bisitatzen

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2012-12-02 20:11

Bi astean blogean idatzi gabe egon ostean, gaurkoan berriz ere nire txanda da. Nerea etorri zen bisitan joan zen astean, "moje přítelkyně". Hemen dugun ordutegi malguari esker, egun batzuk libre hartu eta bidaiatxo bat egin genuen.

 

Lehenengo, beste herritxo batzuen artean Brno eta Olomouc-en egon ginen. Hiri handiak dira bi hauek, Moraviako bi hiri nagusienak hurrenez hurren, istorio asko bizi izan dira bertako harrizko kale, eliza zahar eta eraikuntza dotoreetan. 

 

Brnon lo egin eta gero, hegoalderantz abiatu ginen Lednice-Valtice eta Mikulov-ko gaztelu eta jauregi paregabeak ikustera. Eguerdian, Austriako muga zeharkatu eta Retz-ko 20 kilometro luze diren lurrazpiko bodegetako pasabideetan barna ibili ginen.

Iluntzerako (arratsaldeko 16:00tan iluntzen du hemen) Znojmo herri politeko ostatura heldu ginen. Txekiako erdialdeko eta iparreko zatia garagardozalea da gehienbat, baina Moraviako hegoaldea aldiz ardozalea. Inguruko ardo zuria hartu genuen afaltzeko eta benetan merezi duen ospea duela baieztatu genuen.


Ondorengo egunetan Austerlitz-etik pasa ostean Eslovakian sartu eta Trenčin inguruan egon ginen. Etxeranzkoan Čičmany-ko etxe margotuak eta Žilina hiriko kaleetatik pasa ginen.

 

Eslovakian Euroa (€) dute, Austriak bezala, izan ere Bratislava eta Viena bitarteko harremana oso estua da (50 kilometro eskasera daude) baina, Txekian ostera Koroak (CZK) daude. Guri pezetarekin gertatu zitzaigun antzera, Eslovakian ere €-ra pasatzean prezioak asko igo ziren, kontsumo gaietan batez ere, gaur egun Euskal Herrian dauden prezioetara iritsi direlarik. Arazo nagusia pertsonek jasotzen duten soldatetan dago, izan ere hauek oso baxuak dira. Orokorrean Txekian Euskal Herrian irabazten dugunaren erdia jasotzen dute langileek eta Eslovakian oraindik baxuagoak dira ordainsariak. Gainera gauzak garestiagoak dira Eslovakian Txekian baino eta honek pertsonen pobretzea dakar. Miseria gehiago, etxe zaharragoak eta errepide eskasagoak aurkitu ditugu  Eslovakian, baina jende oso jatorra ere bai, Txekian bezala.

 

Martitzenerarteko egunak etxe inguruan pasa genituen, eguraldi ederra aprobetxatu eta inguruko bazterrak ezagutzeko pasiarak eginez. Katowiceko (Polonia) aireportuan agurtu ginenean konturatu ginen Gabonak bertan daudela eta hiru aste barru etxean egongo garela, beraz ez zen agur tristea izan, gero arte bat baizik.

 

Zapatuan gure etxean afaria antolatu genuen lantegiko lagunekin, batzuek ezin zutela eta baina azkenean lau lagun elkartu ginen. Beraiek ere oso eskuzabalak dira gurekin, beti dabiltza guri Txekiako jatekoak eta ematen; pepinilloak potean, txokolatinak, kalabazina beharrean pepinilloa eta saltxitxa zuen pistoa... Guk pintxo aukeraketa bat prestatu genien, sukaldaritza miniaturan: txanpiak, patata tortilla, atun pastela, txaka urdaiazpikoarekin, entsalada errusiarra... 

 

Domeka eguerdian Arrate Irratiarekin konektatu eta (atzera berriz ez, lehenengo aldiz) joan zen asteko gure Elgoibarko Bandaren Santa Zeziliako kontzertu berezia entzutea nahi genuen baina arazoak genituen internetekin. Hala ere, teknologia berriei esker lortu genuen entzutea; Eñautek etxean plantxatzen ari zen bitartean, irrati normala piztuta zuen eta mobilarekin grabatu eta zatika bidali zidan “The Song of the Wizz” pieza ederra, egoki baino hobeto jotakoa, beinke!

 

Egia esan, aurreko asteko domeka, Txekian nagoeneko egunik gogorrenetarikoa egingo zitzaidan konpainia onenean ez banintz egongo. Skypez konektatu eta bandiduak musika eta Santa Zezilia ze ondo omentzen zuten ikusteak inbidia apur bat eman zidan. Itxura denez ez nintzen kale egin zuen bakarra izan, Duo Plaentxik ere bere emankizuna bertan behera laga behar izan zuelako. Ea hurrengoan denok elkartzeko bezala gauden.

"soy soldado de levita de esos de caballería, de esos de caballería, soy soldado de levita...."

"cuenta la leyenda que en un árbol se encontraba encaramado un indiecito guaraní..."

BKU

 


Utzi iruzkina: