7.astea Pragako istorioak

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2012-11-18 20:43
1

Kaixo berriro ere irakurle!

Denbora apur bat pasa da azkenekoz BOUk blogean sarrerarik idatzi ez dudala. Ez pentsa, baldar xamar nabilenik, izan ere badago arrazoi bat gure betiko , eta orain arte, jarraitu dugun ordena aldatzeko. Leireren bisitaren ondorioz, BKUk bi sarrera jarraian sartu zituen, nik denbora ondo aprobetxatu nezan. Hurrengo astean pausu berdinak jarraituko ditugu eta beraz, Nerearen etorrera dela eta, 8. Asteko sarrera nik ere idatziko dut.

Poliki-poliki eta, ia konturatu gabe, azaroko erdialdera iritsi gara. Gabonak geroz eta gertuago ditugula sumatzen dugu. Supermerkatuetako dekorazioak eta bertan, egun euritsu baten ostean onddoen hazkundea imitatuz, era guztietako txokolatezko goxokien agerraldiak, sentipen hori baieztatzen digute. Santamasetako txerria, “Txoronpio eta Txoronpia”, Portaloiko Tren-Gaztaina saltzailea… etortzen dira nire burura.

Aste guztiak ez dira berdinak eta oraingoan ez dugu gure Blogean kontatzea merezi duen ezer aipagarriarik bizi izan. Hala ere, Pragara egindako bidaian ikasitako hiri eder honekin lotura zuzena dituzten bi istoriotxo kontatzeko aprobetxatuko dut.

Lehenengo istorioaren aurkezpena hiru hitzekin egingo dugu. Seguru nago, askok Wolfgang irakurtzean jakingo duzuela nori buruz hitz egiten ari garen. Amadeus irakurtzean kezka guztiak uxatuko direlakoan nago eta Mozart entzutean zuen ustea ziurtasuna bihurtuko dela uste dut. Wolfgang Amadeus Mozart.

Mozart eta Pragaren arteko erlazio oso estua izan zen beti. Musikariarentzat oso hiri berezia izan zen, eta nahiz eta bera jaiotzez austriarra izan (Salzburgon 1756ko urtarrilaren 27an), zenbait biograforen hitzetan, ”Mozart eta bere lana egokien ulertu zituztenak Txekiako hiriburuko hiritarrak izan ziren”.

Vienan ez bezala, bere lan guztiek Pragan antzeztuak izan zirenean sekulako arrakasta izan zuten “Figaroren Ezkontzak” Austriako hiriburuan estreinatu zenean Habsburgoko Jose II zen enperadoreak aharrausika ibili zen obran zehar, horrek txutxumutxu asko sortarazi zituen operaren maila musikala kezkan jarriaz. Pragan aldiz,… IZUGARRIZKO ARRAKASTA! Arrazoi horregatik, bere hurrengo lanaren, “Don Giovanni”ren, estrainaldi mundiala Pragan izan zen. XVIII. mendeko Txekiako “Groupie” artean ibili izan zela ere esaten da, izan ere Amadeus artista paregabea izateaz gain, bere azken lan onen protagonista bezala, “Don Juan” bat zela esan genezake. Mozartekiko Pragak duen mirespena baieztatzen duen beste aztarna bat, hiriko auditorioaren ateen aurrean dagoen DGren protagonistetako baten estatua da. Honek, "Il Commendatore-ren" mamua irudikatzen du, eta Mozarten aita zorrotzak egindako eraginaren erreflexu zuzena dela pentsatzen da.

 

Franz Kafka da bigarren istorioaren protagonista. Idazle judutar hau oso maitatua eta errespetatua da Txekiar Errepublikan. Besteak beste, “Metamorfosia”, “Prozesua” eta “Gaztelua”-ren idazlea da.

Nik ez dut bere lanetaz, ezta bere bizitzaz jardungo, horretarako, eta interesatuak bazaudete, gure lagun Wikipediari galdetu ahal diozue. Nik, idazlearen omenez Judutar auzoan dagoen metalezko irudiaren jatorriari buruz idatziko dizuet. Irudian, gure Franz ageri da buru eta esku gabeko erraldoi baten gainean. Kontakizunek diote, garai luzeetan zehar Kafkak erraldoi honekin amets gaiztoak edukitzen zituela. Erraldoiak, Pragako kaleetatik bere atzetik zebilela  eta bera harrapatu nahian ibiltzen zela amesten zuen. Askoren ustetan, erraldoia bere aita zorrotza zenaren erreflexua zen (bai, honek ere gizon zorrotz bat zuen aitatzat). Egun batean, bere beldurrei aurre egitea erabaki zuen eta zera oihu egin zion : “Ez dituzu begirik, ezin duzu ikusi. Ez dituzu eskurik, ezin duzu ukitu. Ez duzu bururik. Ezin duzu pentsatu. Utzidazu zure gainean jartzen eta nik ikusi, ukitu eta pentsatuko dut zure partez. Ni izango naiz zu gidatuko zaituen pertsona” Horren adibide da, bere eskuko atzamarrak duen postura, jarraitu beharreko norabidea seinalatzen. (Badakit, aterki arrosak argazkiari kolorea ematen diola, baina sinetsidazue ez zela hori nire helburua, baina interneteko argazki bat jartzea baino originalagoa dela pentsatzen dut).

Espero dut, bi kontakizun-ipuin-historiako pasarte edo dena delakoak gustatu izana. Batzuetan ez zaizkigu gertakizun garrantzitsurik gertatzen, eta hemengo kultura herrikoiari heldu behar zaio Bloga astero sarrera interesgarriz bete nahi bada. Hurrengo asteko alean gehiago eta hobeto (eta gainera DVD a opari).

AGUR ETA ZAINDU ZAITEZTE! ETA EZ SINETSI TELEBISTAN AGERTZEN DEN GUZTIA!

PD 1: Barkaidazue bi kontakizunetako detaileren bat guztiz zuzena ez bada, iturri desberdinak erabili ditut informazioa egiaztatzeko, baina baliteke daturen bat zuzena ez izatea.

PD 2: Zapatu gabeko afaria berezia izan zen. Leirek ekarritako olagarroa prestatu genuen eta hori gutxi balitz bertako ardo txuri batekin ardoztatu genuen afaria. Itsasoa eta eguzkiagatik izango ez balitz, Cies irletan hamaiketakoa egiten geundela zin egingo nuke.

BOU

 

Ness

Ness 2012-11-21 00:03 #1

Ze informatibo jarri zaren!
Ez dakit datuak zuzenak izengo dien ala ez, bana nik dana sinistu dotzut!
PD: mandarinark nahi?
Muxu!


Utzi iruzkina: