5.astea Krakovia
Dagoeneko hilabete baino gehiago pasatu da Euskal Herritik irten ginetik, eta hasierako asteetan berrikuntza asko izan genituen arren poliki-poliki egunerokotasunaren errutinara ohitzen hasi gara. Egunak geroz eta motzagoak dira negua hurbildu hala, eta ordu aldaketari esker, lanetik irteten garenerako gaua izaten da askotan.
Elurra gogotik bota zuen astearen hasieran, baina eguenerako gehiena urtu egin zen eguzkiaren eta tenperatura goxoen eraginez. Gu bizi garen herria Karpatoen hasiera diren Beskydy mendien magalean egonik, Parke Naturalaren barne dagoela esan daiteke. Hau dela eta, ingurunea bereziki babesteko zenbait arau daude, hauen artean bidera gatza botatzeko debekua. Horregatik, elurra eta izotza urtzeko gatza beharrean harri-koskor txikiak botatzen dituzte gurpilak ez irristatzeko.
Irudiko puntu moraua gure herria dagoen lekua da, eta beste koloreek karpatoak adierazten dituzte, marra gorriak estatuen arteko mugak izanik:
Leontxio-ri ere azterketa bat egin behar izan genion, negurako lau erroberak legez behar den bezala aldatu eta motorreko eta parabrisa-garbigailuko likidoak berrikusi behar izan genituen, hemen -20ºC-ko tenperaturak oso ohikoak baitira abendutik aurrera.
Astelehenean, txekierako klasearen ostean, autoa elurrez estalita zegoen eta martxan jarri aurretik rasketa eta zepiloarekin garbitzen hasi ginenean ateak ezin zirela zabaldu ohartu ginen. Izoztu zirelakoan bost minutu indarka jardun ostean, konturatu ginen giltzarekin txoferraren atea bakarrik zabaldu genuela! Giltzez itxitako ateak ezin ba zabaldu…
Aste barruan ohiko bizitza egiten dugu baina asteburuetan beti nahi izaten da gauza bereziak egitea. Aste honetan itzelezko aukera izan dugu Krakovian asteburua pasatzera joateko. Izan ere, BOU-ren kuadrillako Markel eta Unai etorri dira hegazkinez Arrasatetik eta Aitor trenez Łódź-tik, bertako unibertsitatean baitago Erasmus bezala.
Horrela ba, barixaku arratsaldean lanetik irten eta kotxean hiru ordu inguruan iritsi ginen Krakoviara. Bostok ostatuan elkartu eta kalera irten ginen zerbait hartzeko asmoz. Kalean buelta batzuk eman ostean, Rynek Clowny plazatik gertu dagoen taberna batera sartu ginen. Lurpeko galeria desberdinak, antzinako harrizko arkuekin mantentzen ziren. Garagardo eta pizza batzuk hartu eta Krakoviako gaua ezagutzen hasi ginen.
Gaua nolakoa, halakoa izan zen biharamuna ere… Argi dago Krakovia ikasle hiria dela; Erasmus mordoa daude eta guretzat harrigarriena izan
zena, ia denak Sevillakoak dira. Zapatu goizean Aitor, Markel eta Unai
Auschwitz-era joan ziren eta bi Beñatok Krakovia hobeto ezagutzeko Wawel-eko
gaztelua eta inguruak bisitatu genituen pierogi (buñuelo-gnochi) batzuk jan ostean.
Arratsaldean berriz ere bostok elkartu eta bueltatxo bat eman eta gero,
Taco Mexicano delako taberna mexikar batean afaldu genuen.
Sukaldari-zerbitzari-maitre-jabea artista bat zen eta saltzaile oso ona, beraz
azkenean berak gomendatu zigun “Pastel Azteca” afaldu genuen bostok. Pasta
beharrean, artoz egindako lasagna bat zen. Aurreko gaua oso gogorra izan zenez,
garagardo bat eta ostatura joan ginen lotara.
Domekan goiz jaiki ginen eta tranbian hiria gurutzatu genuen Fabrika Schindlera izeneko museoa ikusteko. Izatez leku horretan Oskar Schindler-en esmalte lantokia zegoen eta gaur egun nazien eta juduen gorabeherak kontatzen dituen museo bat dago. Gizon honek milaka judutar salbatu zituen lana eta laguntza emanez eta bere bizitzan oinarrituta egin zuten “Schindler’s List” pelikula.
Ia bi orduko bisitaren ostean, berriz ere Vistula ibaia gurutzatu eta Kazimierz judutarren auzoan ibili ginen kalez kale eta sinagoga eta elizak ikusten judutarren merkatura iritsi arte. Merkatu honetan bazkaldu genituen Polonian hain ezagunak diren panini handiak, zapiekanka-k 2€tan bakoitza!
Aitorrek trena zuen hiruretan eta bera agurtu ondoren, Rynek Clowny-ko terraza batean hartu genuen kafetxo bat geratzen ginen laurok, seguruenik kanpoan gustora egoteko urteko azken arratsaldean. Markel eta Unaik hamarretan zuten trena Pragara joateko eta guk ere etxerako bidea hartu genuen iluntzen hasi zuenean.
P.S.1: Sevilla eta Krakovia “senidetutako” hiriak dira.
P.S.2: Primeran pasatu dut zuekin mutilok (Aitor, Markel eta Unai), aspalditik kuadrillakoa izango banintz bezala.
P.S.3: Elgoibarko kuadrilla, zuek ere animau!
LAU ZŁOTY EURO BAT
BKU
Iruzkinak
Utzi iruzkina: