23. astea: Praga
Azaroa bisiten hilabetea izan zen, baina udaberriarekin batera, apirila ere antzera dator. Hilaren lehenengo astean Ramon eta Pilar Arrasatetik etorri ziren bezala, denbora laburrago baterako, baina asmo berdinekin etorri dira Nerea Mendarotik eta Alex eta Garazi Gernikatik.
Nerea eta biok duela hiru urte egonak ginen Pragan, 2011. urteko udan egin genuen Inter-Rail bidaiaren baitan. Orduan ere hiri ederra iruditu zitzaigun arren, oraingoan bere benetako xarma ezagutzeko aukera izan genuen.
Karlosen zubitik gertu dagoen etxe batean hartu genuen ostatu eta StaromÄsto edo Alde Zaharreko txokoak ikusteko aukera aparta izan zen. Oinez ezagutzeko bezalakoa da Pragako erdiguneko eta Gazteluaren inguruko kale eta eraikuntza paregabeak.
Hiriburuaz gain, trenez ordubetera dagoen Kutná Hora herria ere bisitatzen izan ginen zapatu goizean. Bertan, benetan merezi du meatzarien zaindaria den Santa Barbararen omenez eraikitako katedrala bisitatzeak.
Historikoki hiri garrantzitsua izan da Kutná Hora eta bertako zilar meatzeek ematen zuten aberastasunari esker lortu zuen orduko ospea. Praga berarekin egon zen lehian Bohemiako hiriburua non izango, baina zilarrezko meatzeen agortzearekin batera etorri zen Kutná Hora-ren gainbehera.
Gure Frýdlant maitean ez bezala, Praga eta orokorrean Bohemiako lautadetan askoz elur gutxiago egiten du eta tenperatura goxoagoek turismorako baldintzak errazten dituzte.
StaromÄsto-ko jatetxeetako okela mamitsuak jan ostean, ez dago jazz emanaldi bat garagardo beltz batzuekin entzutea bezalakorik. Ugariak dira Pragako kalexka estuetan aurki daitezkeen klubak eta gu Ungelt-en ere egon ginen arren, AghaRTA-n bizi izan genuen kontzerturik bereziena.
Zelená kale ezaguneko portale batean sartu, eskailera mordoa jaitsi eta lurrazpiko tabernatxo honetan, eskenatoki txiki bat; hogei - hogeita bost lagunentzako esertzeko lekua eta lau musikari (pianoa, gitarra, bateria eta kontrabaxua) jo eta ke, garagardo eta txaloen artean. Birdland, Caravan eta beste hainbat jazzeko standar-en bertsioak entzun ostean agurtu genuen Nerea eta biok, hiru urteren buruan berraurkitutako Txekiako hiriburuari.
Astelehenetik barixakurako asteroko lan eta entseguen errutina, udaberriko eguraldiak eta astebururako planek goxatu zuten. Izan ere, joan zen urritik ikusi gabeko 20ºC-ei esker gure “Biergarten” propioa sortu genuen etxe inguruko zelaian.