18. astea: Txekian ere, Euskeraren alde!
Kaixo berriro ere euskalakari!
Korrikak bere 18.lasterraldia bete duen bezala, guk ere 18. astea betetzera iritsi gara. Elkarri esaten diogu, egunak agudo eta asteak moteltxoago pasatzen direla, baina konturatu orduko berriro ere iristen da igandea eta berarekin batera blogean sarrera berri bat idazteko unea.
Aste hau oso intentsua izan da guretzat. Bai aste barruan eta baita aste-bukaeran zehar egiteko eta ekintza ugari izan ditugu eta.
Lehenengo egunetik hasita, eta Igorretik etorri diren Pablo eta Alainekin batera, lan ordu asko sartu ditu Kondek BMW-ko proiektuaren gorabeherak finkatzen. Nik ordea Libor lankidearekin, NISSAN-eko pedalaren balidazioarako beharrezkoak diren piezen soldadurarekin ibili gara jo ta su. Horri, asteroko klase eta entsaioak batzen badizkiogu, aste barru konpletua izan dugula esan genezake.
Gauzak horrela, ostirala etorri eta hemen gaudenetik aste-bukaerarik onenetarikoaren hasiera eman zitzaion, dantzaldi festa, eski eta mendi irteera eta guztikoa.
Lehenik , gure lagun Viteslav-en eskutik, Frenštát herrian egin zen PLES FRENMUSIC jaialdira joateko aukera izan genuen. Bertan, jende guztia dotore-dotore jantzita zegoelarik (gu ere ez ginen gutxiago izan), mota guztietako kontzertuak ikusi genituen, zerbeza batzuen konpainiaz. Hauen artean, Iveta Bartosovaren emanaldia izan zen agian aipagarriena, .gu ere dantzan jartzea lortu zuen.
Gaua bukatu eta goizeko ordu txikietan, Vitaren etxera joan ginen lo egitera, hurrengo eguna ere gogorra izango baitzen.
Goizean, dutxatu, lasai gosaldu eta eskiatzeko uniformea jantzi ondoren Pustevnyko eski pistetarantz habiatu ginen hirurok.
Egun ederra, eguraldi zoragarria eta elur paregabea. Ez dut esajeratzen, horrela izan zen. Eta frogatzea nahi duenak, Kondek FBen igo duen bideoa ikustea besterik ez dauka! Eguerdiko hamabietatik, arratsaldeko laurak arte firin-faran ibili ginen pistetan, batzuek besteek baino perizia eta trebetasun gehiagorekin. Gauza askorako eduki genuen denbora, tartean edurretako tanke-autobusean ibili eta sutondoan “Gulasova Polevka” eta “Radegast” botilaz osaturiko otordua dastatzeko aukera.
Igande goizean, berriro ere sekulako eguzkia irten zen eta beronen laguntzarekin, inguruetako paisaiak disfrutatzera joan ginen. Lau ordutako mendi martxa ostean, etxera bueltatu gara txitxirio (niretzako beti izango dira garbantzuak) eta aza platerkada banaz indarrak berreskuratzera.
Horrela igaro dugu aste hau, neguko azkena, eta horrela itxarongo dugu hurrengoa, udaberriko lehena. Badakigu batzuek korrika pasatuko dutela (eskumiñak furgonetan dabiltzanei) eta guk ere zertxobait prestatuko dugu…
PD: TIPI-TAPA, TIPI-TAPA, KO-RRI-KA!!!
BOU
Iruzkinak
Utzi iruzkina: