17.astea: MSS – Stodolní

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-03-10 22:53

Betiko errutinara ohituta eta zorionez lan askorekin beharrean, denbora azkar pasatzen da. Astea eguraldi politarekin hasi bazen ere, neguan gaudela gogorarazi digu asteburuko behe-laino eta giro umelak. Hala ere, hau ez izan etxean geratzeko aitzakia eta zapatua egun oso interesgarria izan zen.

Jakingo duzue irakurle ohikoenok Frýdlant eta Frýdek-Mistek herrietako bandetan jotzen gaudela, baina ez duzue askok jakingo Moravskolezká Sinfonietta izeneko orkestrarekin ere jotzen gabiltzala.

http://www.sinfonietta.cz

Hurrengo kontzertua hil honen bukaeran da eta zuzendari gonbidatu bezala Claudio Ordaz mexikarra izango dugu gidari lanetan. Oraingo entseguetan zuzendari eslovakiar batekin gaude eta egia esan, orkestrako jotzeko era bandakoarekin alderatuta desberdina da eta asko ikasten da “hariekin” jotzean. Kartela:

Zuzendari mexikar bat izanda, kontzertuko obra batzuek ukitu Latinoamerikarra dute, Huapango eta Danzón Nº2 adibidez, baina badaude Scheherezade bezalako pieza klasikoak. Jarraian youtube-ko loturak:

Huapango (Moncayo): http://www.youtube.com/watch?v=kVvSTot4Ztg

Danzón Nº2 (A.Marquez): http://www.youtube.com/watch?v=PA7vEIj6Lzk

Scheherezade (Rimsky-Korsakov): http://www.youtube.com/watch?v=SQNymNaTr-Y

Baina musikaz gain ere beste gauza batzuk ere egiten ditugunez, zapatu gauean laneko kamaradekin Ostravako Stodolní kale famatura joateko aukera izan genuen. Txekia osoko parrandarako leku ezagunenetakoa da eta aurreko batean biok bakarrik egon ginen arren, oraingoan bertako “gidekin” joateko aukera izan genuen.

Ondo ibili ginen, jende asko ez zegoen arren. Esan digutenaren arabera uda partean askoz jende gehiago ibiltzen da orain baino, ikusi beharko dugu ba! Honez gain, txekiarren ohiturak gureen nahiko desberdinak dira juerga kontuetan. Euskaldunok jarrita jan eta tente edaten dugu, eta garrantzi handia ematen diogu janariari, ondo afaldu gabe parranda ere kaskarragoa dela esan ohi dugu… Baina txekiarrak ostera jarrita edatera eta tente jatera ohituta daude…

Hala ere, ederki ibili ginen dantza eta saltoka aspaldiko partez, Frýdlant-en ez baitugu aukerarik izaten ganorazko juergak botatzeko!

Ikusiko dugu nola doan astea baina, baliteke berriz ere -10ºC baino tenperatura hotzagoak eta elurra izatea eta azpian ikusten den bezalako aldaketa egotea (bat orain dela bi hilabetekoa da eta bestea gaurkoa):

Ondo segi eta goraintziak munduan bestaldian daudeneri batez ere!

BKU

 


Utzi iruzkina: