12.astea Pa´ perra, la papera

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-01-13 21:31
3

Urte berriko lehengo egunak Euskal Herrian pasa ondoren, Txekian urteko lehenengo egunak etorri dira. Superstizio gaietan sinesten dutenentzat urte aproposa ez dirudien arren, guk beste perspektiba batetik, ikuspegi positiboarekin hasten saiatuko gara. Urte hau, paregabea izateaz gain “errepikaezina” izango dela ziur gaude eta. Bitxikeri moduan, nire kintakoak jaio ginen urtetik errepikatzen ez den gertakari bat komentatuko dizuet. Izan ere, 1987.urtez geroztik, ez dira urte berean zifra guztiak desberdinak izan.

Numerologia eta sineskeriak alde batera utzita, baina topiko-tipikoekin jarraituz urte berrirako helburuak ere hitz egiteko gaia aproposak dira. Normalean, hauek finkatzerako orduan, ugariak, idealak, politak eta betetzeko zailak diren proposamenak ditugu jira-biraka pentsamenduetan. Hau ekiditeko errez gogoratzen den eta planeta gorria irudikatzen duen, gaztelaniazko akronimo bat buruan edukitzea gomendatzen dizuet. MARTE

M: MEDIBLE: NEURGARRIA. Denbora pasa denean, proposamena bete edo ez dugun jakiteko, neurtu ahal izatea ezinbestekoa da.

A: ALCANZABLE. ERREALA. Bakoitzaren egoera kontutan edukita, eginkizuna posiblea izan behar da, ezinezko direnak ahaztuz.

R: RETO. ERRONKA. Bakoitza motibatuta mantentzeko, kostako zaigun zer edo zer izan behar da. “Arkada Socialeko” diskoak dioen bezala. Sufrimendu barik ez dago osperik.

T:TIEMPO. EPEA. Denborari dagozkion mugak ez baditugu zehazki jartzen, oso zaila izango da gure buruarekin zuhurra izatea. Izan ere, “hurrengo astean hasiko naiz”, “tira , bihartik ez da pasatzen” eta beste zenbait esaldi oso ezagunak izaten ditugu.

E:ESPECÍFICO. ZEHATZA. Argi izpia bailitzan, gure ahaleginak fokatzen baditugu, potentzia handiko laser-izpia izatera iritsi daitekeela ohartuko gara. Edozein edota edozer frijitzeko ahalmena duen izpia. 

Guzti honek tontokeria dirudi, baina ulertuz gero, ohartuko gara nahiko erabilgarria dela. Horretarako bi adibide elkarrekin alderatuko ditugu.

“Hurrengo hilabetean zehar, astean bi alditan Urkuluko urtegiari buelta ematea, poliki-poliki denbora marka hobetuz”. VSKirol gehiago egingo dut”.

Nere ustez, helburua argiago ikusteak berau betetzen laguntzen gaitu beti. Baliteke zuentzat ezertarako balio ez izatea, baina eman buruari buelta batzuk eta saiatu kontzeptu erraz hau eguneroko bizitzako erronketan aplikatzen.Ikusiko duzue, laster, emaitzak fruitu itxuraz poliki-poliki mozorrotuko direla.

 

Pepito Grilloren esanak eta auto-laguntza liburuko lezioak ahaztuz, orain gure gertakariei buruz jardungo dut.

Bueltako bidaia uste baino motzagoa egin zitzaigun izan ere lo kuluxkatxo ugari botatzeko aukera eduki genuen aire eta lurreko garraioetako eserlekuetan.Gutxi gorabehera, honela izan zen 15 ordu iraun zuen bidaia:

06.00 AM: Arrasate eta Elgoibarko etxeko ateak itxi eta Loiuko aireporturantz irteera.

07:30 AM: Vueling eko mahaietara hurbildu eta  maletak fakturatu.

08:45 AM: Bartzelonarantz hegazkina hartu.

09:45 AM:  El Prateko aireportura iritsi.

12:05 PM: Pragaruntz hegazkina hartu.

14:35 PM: Txekiar Errepublikako hiriburura heldu.

15:05 PM: “Airport Express” autobusa hartuta, Hlavni Nadrazi tren geltokirantz abiatu.

16:12 PM: Ostravara doan ReGiOjEt trena hartu.

19:35 PM: Ostravara ailegatu.

19:56 PM. Frydlantera doan “lineako” beste tren bat hartu.

20:40 PM  Frydlantera heldu eta taxi batera igo.

21:01 PM: Noremska ulice-ko etxeko atea ireki.



Esan bezala bidaia nahiko arina iruditu zitzaigun; bi hegaldietan eserita eta postura ez oso erosoetan eta ReGiOjEt  trenean  guztiz etzanda eta apurtxo bat goxoago, Morfeoren eskuetan amildu baikinen. ReGiOjEt tren konpainia, oso gomendagarria den garraioa enpresa da, duda barik kalitate eta prezio aldetik besteak beste Praga-Ostrava bidaia egiteko trenik egokienak eskaintzen dituena. 295 Txekiar kororen truke, eserleku handi, wifi konexio azkarra, aldizkari eta egunkariak eta ur eta kafea eskuragarri edukiko dituzu. Hori bai, txartelak internetetik hartu behar dira derrigorrez, ez daude leihatilarik eta.

Hurrengo egunean, berriro ere ohiko errutinari heldu eta astearte baten hasitako aste normal bati ekin genion. Lana, bazkariak, etxeko lanak, eta beste hainbat kantu eta kontuekin egun zazpikia (hobeto esanda seikia) etorri eta joan da. Nahiko agudo pasa zen, nahiz eta esan beharra dagoen, aktibitate “extralaboral”; musika eta hizkuntza gabe, Txekiako 2013ko gure lehen egunak zertxobait ilundu egin zirela. 

Hala ere, berriak jaso nituen asteazken gauean, izan ere koadrilako whatxapetik, ziurtasun osoa eduki gabe lagunen artean Papera epidemia zabaldu zela jaso nuen. Ez nion garrantzi askorik eman, baina hurrengo egunetan lepo aldean agertu zen bulto txiki batek, zertxobait larritu ninduen. Interneteko hainbat blog eta web-orrietan begiratu ondoren, (jakinda ez dela guztia sinetsi behar), beste aukera bat izan zitekeela aurkitu nuen, ganglio linfatikoen inflamazioa.

Biharamunean, bultoaren tamaina areagotu zela ikusita, medikuarengana joatea pentsatu nuen. Horretarako, enpresako Petraren itzultzaile lanari esker, mediku andrearekin komunikatzea posible izan zen. Zer neukan kontatu, azterketa egin eta odola atera ostean, ez zela bakteria kontua azaldu zuen. Beraz, etorri nintzen bide eta modu berdinean, bueltatu nintzen lanera.

Hala ere, hurrengo egunean nire eztarriko bultoaz areagotuz gain, beste aldeko belarri alboan bulto berri bat agertu zitzaidan. Esaera zaharrak dioen bezala, “Zuria eta botilan, esnea (edo jarabea)”. Gainera, Goenkaleko telesailean bezala, koadrilan hasieran ez zirenak, azkenean paperak izatera pasatu ziren. Horrela, Lisa Simpson bezala, paperekin pasatu dut Frydlanten lehengo asteburua. Kanpoan zero azpitik hamar graduko tenperaturetatik babestuta, telesailak, pelikulak eta liburuak dastatzen, pasa ditut egunak etxean sartuta.

Bukatzeko, agian, beste sarreretan komentatu dugun kontu bat azalduko dizuet. Konde jaunari eta neroni gure lankide eta lagunek oso famatuak diren “plastilina bizidunetako” bi pertsonaiekin parekatzen gaituzte. Beraiek “Pat eta Mat” dira eta “Pepe Gotera eta Otilio” edo “Mortadelo eta Filemon” tankerako bikotea osatzen dute. Itxura denez oso marrazki zaharrak dira eta txekiar belaunaldi askoren haurtzaroetako gogoetetan itsatsirik jarraitzen dute oraindik.Guk ere, beraien umoreari men eginez eta barre egitea (gutaz baldin bada ere) oso gustuko dugula frogatzeko, Gabonak zoriontzeko postaltxo bat prestatu genuen.

Hau izan da guztia. Hurrengo egunetan espero dut, paperak pasa eta normaltasunera bueltatzeko aukera, berandu baino lehen iristea.

Ondo izan, besarkada bat guztioi eta 20-25 urte arteko gizonak baldin bazarete, kontuz ibili paperekin!

PD: Zapatu kolosalak, zapatuak bakarrik izan ez daitezen.

BOU

Cave canem

Cave canem 2013-01-13 22:18 #1

MMXIII berri on!!!!!!!

papera man

papera man 2013-01-14 12:43 #2

eutsi goiei osinaga

p.

p. 2013-02-16 01:49 #3

BeKo. ia zelakua dan bueltia..... eta DECATHLONeko motxilan bialdutako animo ta nostalgiak....Txekiako elurretan urtutzen diran....<br />


Utzi iruzkina: