1. astea
Goizeko 9etan
irten ginen Arrasatetik astelehenean. Leontxio gidatzeko txandak eginez
eta Frantziako autopistetako ordainlekuetan belarrondoko galantak jaso ostean
gaueko 11tan iritsi ginen Mulhouseko ostatura 1200 km eginda.
Bidean gorabeheratxo bat izan genuen, autopista zati bat itxita zegoelako eta
gainera istripu bat egon zelako gu goazen bigarren mailako errepidean. GPSak
atzera egiteko esaten zigun, baina kamioilari frantses bati esker lortu genuen
bide zuzenera itzultzea, hori bai, ia bi ordu galdu ondoren.
Martitzenean Alemaniako autobide ederretan gidatzeko aukera izan genuen.
Abiadura mugarik ez eta Leontxiok bere gaitasuna erakusteko aukera izan
zuen. Munich kanpoaldean aparkatu eta trenez joan ginen hiriko zentrora.
Oktoberfesteko gunera bavariar jantziak jarraituz iritsi ginen eta bertan
garagardogile desberdinen kárpetan sartzea zein zaila den ikusi genuen.
Erreserbaturik zegoen dena eta eskatzeko jarrita egon behar zenez azkenean
Marienplatz ondoko biergarten batera joatea erabaki genuen.
Regensburgen hotel txukun batean gaua pasa ostean Txekiako mugara iritsi ginen
hamaikak aldera. Biñeta bat erosi behar da hango autopistetatik gidatu ahal
izateko. 10 egunetakoak 18€tan saltzen dituzte mugako dendatxo batzuetan, baina
kontuz ibili diru aldatzearekin, izan ere, eurotatik txekiar koroatarako
aldaketan komisio altuak ezarri zizkiguten. Eskerrak 32€ bakarrik aldatu
genituen bertan!
Azkenean arratsaldeko 6ak aldera iritsi ginen Frydlant nad Ostravicira. Batz
Czech enpresa lokalizatu eta Budoucnost (Etorkizuna)
ostatura heldu ginen. Txekiako janari ohikoenak afaldu (berakatz zopa etab.) eta lotara.
Eguenean 8etarako joan ginen lanera, bulegoak eta lantokia ikusi eta bertako langileak ezagutu genituen. Bilera baten ostean bazkaltzera gonbidatu gintuzten eta arratsalderako lan batzuk eman zizkiguten, segurtasun kontrolak ezarriko zitzaizkion piezari eta guk planotik prototipora pasa behar genituen datuak eta zuzenak ziren egiaztatu.
Lanetik irtetean ostatura joan eta Athletic-Spartak partidua ikustea nahi genuen arren, telebistan ez zutela botatzen esan ziguten, beraz goiz afaldu eta demaseko ekaitza hasi zenez ostatuan bertan geratu ginen.
Barixakurako bagenuen zeregina jarrita aurreko egunetik, lan erraza baina luzea. Hala ere, 11tan alokairuan zegoen etxe bat ikustera joan ginen. Handiegia, altzaririk gabea, oso garestia eta gainera 15 egun zain egon behar… Nahiko lur jota irten ginen handik. Hala ere, lantokira itzultzean etxeak bilatzen segi eta ordura arte agertzen ez zen etxe bat topatu genuen.
Agentziarekin kontaktatu eta ordu erdira han ginen, agentea, etxearen jabea, Batzeko idazkari Petra (itzultzaile lanetan) eta gu biok. Etxea ikusi eta ez genuen dudarik, hau da gure etxea!
Etxeak bi pisu dauzka, gu goikoan bizi gara eta behean Špičan-tarrak bizi dira, erretiratutako bikote bat. Berri berria da, 3 urte dira egin zutenetik eta herriko zentrotik 20 minutura dago oinez, inguru paregabean kokatuta.
Ia urtebetean gureak izango diren oheetan lo egin ostean, giro ona aprobetxatuz ibilaldi bat egitera joan ginen eta bide batez herria pixka bat ezagutzera. Etxera itzuli eta gure lehen bazkaria prestatu genuen (idarrak patatekin) , gero arropak garbitu eta bestelako etxeko lanak egin ostean, astebururako bisitan etorri zen Lukáš semearekin kalera irteteko geratuta baikeunden.
Taberna batera joan ginen Martin, Lukáš-en laguna eta laurok. Bernard garagardo pitxarrak litro erdi euro batera, taberna lasaia eta garbia, gustura berbetan, ingelesa hobetzen… Azkenean pizza batzuk ere bertan eskatu genituen eta hamabi t’erdietan etxerantz joan ginen gure txekiera “errepasatzen”.
Gaur domeka, egun euritsua eta hotza izan da, etxean lasai eta gustura egotekoa. Arropak kanpoan laga genituen sikatzeko baina, garbigailutik ateratakoan baino bustiago zeuden euriaren eraginez.
Bazkaldu (oilaskoa laban), siestatxoa, futbol partiduak eta musika entzun… poliki – poliki joan da arratsaldea. Afariarekin (paella) batera bihar lanera eroateko tupperra ere bete dugu espagetiekin eta laster ohera.
BKU
Iruzkinak
p. 2012-10-07 23:27 #1
Ondo izan Konde, asko ikasi lanaz, bizitaz ta baitta zure buruaz Aukera paregabea dakazula beintzatzen jata. Jarraittuko dogu noizian behin bloga irakurtzen, eutsi goiari!<br />
Mr Kennedy 2012-10-08 12:08 #2
Ondo ondo pasaizue hor periferiako esperientzian!!!! Topera disfruteu ta kanpoko zerbeza amaitu barik, bestela honako inportaziñuak bajau eingo diaz eta!!!
Cave canem 2012-10-12 00:08 #3
Kaixo, Benat (2), dastatu, aprobetxatu eta bene benetan esperientzia oso ona izan dedila!!!!!! Ondo pasatu eta errezetarik nahi duzuenean eskatu!!!! Gorantziak eta ono pasatu!!!!!!!
Ness 2012-10-12 15:41 #4
Beñat!! Besarkada haundi haundi bat ta disfrutau!
(Ta ez edan zerbexa dana, e? ;-)
Faltan botaten zaitxugu etxien!
Eskumiñak beste Beñati.
Muxu!
Cave Canem 2012-10-16 22:45 #5
Kaixo, hemendik konrzertu bat ematera... Ondo pasatu, gorantziak eta beste bat arte!!!!!!
Utzi iruzkina: