maitasunean gorrotoa, gorrotoan maitasuna (I)
Beti maitatu dut sorterria: Santurtzi, Mamariga. Kanpora irteten nintzenean, oporraldian zela, lanerako zela, itzultzeko irrikan egoten nintzen lehenengo hamobastaldiz aurrerantzean. Itzuli eta den-denari ematen nion begia, sekulan ez izandako tokia bailitz lez: hormetan inkatutako afitxei gizarte bizimoduaren azken getaeren berri laburtua hartzearren; itxitako negozioei (gehienak) eta zabaldutako berriei (gutxienak); kalean jazotako pitzadura (+) edo konponketei (-);... Kanpoan urteak emanaren antzera ibiltzen nintzen.
Aspaldi batean, sorterritik beste inora bizitzera joateko aukerari ezezko biribila ematen nion, inolako zalantza barik; gogoan hartzeari ere muzin egiten nion.
Zelan aldatzen diren gauzak, kamarada!!
Egun, ordea, buruan darabilkidan galdera da nora joango naizen, noiz eta zein dudan biderik egokiena asmoa gauzatzeko.
Atzera begiratu eta zer gertatu zaidan hausnartzen dut batzuetan eta ohartzen naiz superportuaren aurkako porrotak garrantzia izan duela bilakaera honetan, hil-kolpea lez. Ez soilik nigan, gainera; hainbat lagunek alde egin dute Santurtzitik, superportuak herriari eusten zion xarma apurra betiko deuseztatu balu bezala.
Izan ere, Abra (kanpo aldeko Abra, horixe baitzen geratu zitzaigun bakarra Bilboko Portua Santurtziraino zabaldu zutenetik) zen Santu¡rtzi Ezkerraldeko gainontzeko udalerriak bezain bizigaitza izatetik aldentzen zuen elementu nabarmenena, ia bakarra ere bai. Halako zabaltasuna emoten zigun, zementuzko eta ailtzairuzko espetxetik begiradari ihesarako aukera eskaintzen ziona, ke eta zikinaren higuina bizkar aldean lagata argitasuna, freskotasuna eta lurrina (ez dut sekula itsas gaziaren lurrina bezalako atseginik antzeman inon) ematen ziguna. Egun, inguratuta gagoz, ez dago nora ihes egiterik, Serantes mendi alde zigortu eta txikira salbu. Egia esan, instruktiboa da oso Serantesera igotzea, ezinhoba agertzen baita handik Ezkerraldean hiritzearen basakeria, zentzugabekeria eta itsuskeria zein mailatarainokoa izan den, eta baden: A-8 autobideak hesiarena egiten du, Bilbo eta harago ere zabaltzen den etxe mordo pilatutako eskualdea, espazio librerik gabea, hitsa, zatartua, oraindik badiren lantegi batzuen ketan itoa; autoak nonahi, noiznahi; zalaparta mekanikoak mendian ere bakerik eman ez; gizakiok sistemarentzako tresna garen ikur garbia. Gehiegikeria? Igo zaitez hara eta zeuk ikusi.
Honela, zer eskain zezakeen Santurtzik? Hiri baten txarrena du (kutsadura, zarata, jende pilatzea, espazio librerik ez, trafiko handia, kontsumismorako dei etengabeak, masifikazioan isolamendua,...) eta, tamalez, ez du eskaintzen hiri dexente batek eskain dezakeenik ( gizarte-, kirol-, kultur-,...azpiegiturak eskas-eskasak; beraz, arlo horietan ekimen eskaintzarik ere ez; ondorioz, bizitasun txikia ...). Batuketaren emaitza garbia da oso: bizitza kalitate txarra. Honela hasi zitzaidan pizten bertatik alde egin beharra. Are gehiago ikusita neure zenbait lagunek (ahal zutenek, hain zuzen) honela egin zutela, bestelako bizimodu baten bila.
Hala eta guztiz, aspektu honi beste bat gehitu behar zitzaion neure maitasun-gorroto harreman horri, gorrotoari indar handiagoa emon eta maitasuna sentitzea are gehiago zaildu zidana. Baina hori hurrengo baterako utziko dut.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: