geure burua errespetatu, errespeta gaitzaten
Gaurko BERRIAk Jon Urrujulegiren gutun bat dakar ("¿A dónde va usted?"), Donostiako udaletxean jasan behar izan duen hizkuntz zapalketa salatzen duena. Ez da, noski, halako bakarra, tamalez; eta ez da izango azkena, zoritxarrez. Donostiako udala, Kontseiluak jakitera emandako udalen hizkuntz politikaren gaineko inkestaren emaitzetan, 26. postuan dago. Pentsazazu zer gertatzenb den Santurtzikoan, inkesta berak 51. tokian ipini baikaitu (alegia, hizkuntz eskubideak osoro betetzetik tokitan).
Aspalditik asko dira hizkuntz eskubideen urraketa etengabeak salatzen dituztenak. Euskaldunok pairatutakoak, noski; horretan ere esklusiba dugu-eta, batzuen biktimismoa (biktimakeria?) oso zabaldua den arren. Aspalditik datozkigu hainbat euskaltzaleren salaketa edo-eta kezka, indarrean (?) diren hizkuntz politiken atarramendu eskasiaz, alderdi politikoen utzikeriaz edo jardunbide okerraz "euskararen auzia"ri dagokionean.
Aspaldion nabil euskaltzalerian susmatzen dudan estrategiaz (jardunean dakusadana, buruetan susmatzen dudana, ez agian txostenetan adierazitako estrategiaz) zalantza egiten. Esan nahi dut, dexente kantsauta nabilela hainbat eta hainbat "euskararen aldeko" bihurtzea lehentasuna ei izateaz, entzuteaz erdaldunak euskal mundura erakarri behar direla, eta antzekoez.
Ze ostia! bost axola dit auzokoa euskararen aldekoa izan ala ez izateak; ez dakit non euskarak ez dakit zelako presentzia orekatuan izateak eta halakoek. Badakit badutela garrantzia horiek guztiek, baina susmoa dut ez ote den hori esklabuaren lanturu, batik bat. Paso "euskararen aldeko gauzak" egiteaz. Euskaraz bizi nahi dut, eta kitto! Euskaraz bizi ahal izateko adina baliabide izan gura dut, dagozkidan hizkuntz eskubideak gauzatu ahal izan, bigarren mailako herritar ez gehiago izan. Neure borroka ez da "euskararen aldekoa", euskaldunen zapalkuntzaren aurkakoa baizik. Errespeta nazaten/gaitzaten nahi dut, ze kristo!
Eta pentsatzen hasita nago (nahiz eta konbentzimendu guztiz ezin esan) ez ote den geure (euskaldunon) konplexuengatik besteak erakarri nahi hori. Besteek (erdaldunek, edo erdara erreferentzi eta lehentasunezko mintzaira -nahi- dutenek esan gura dut, jakina) etortzeko aukera dute nahi dutenerako. Ados naiz bide hori erraztu behar zaiela ahalik eta gehien nahi dutenei; baina euskaldunon lehentasunak, neure iritzian, geure burua errespetaraztea izan behar du, geure hizkuntz eskubideen berma lortzea. Agian, beltzek AEBetan edo Hegoafrikan edo..., edo irlandar nazionalistek Ipar Irlandan, edo beste hainbat gutxiengok hainbat lekutan errespetatua izateko borrokak hartu behar ditugu erreferentzi. Beharbada barneratu behar dugu Euskal Herria deritzogun honetan ez dagoela herri bakar bat, edo behintzat kultur kolektibo bat baino gehiago dagoela, eta geuk geureari ekin behar diogula lehenik, geure bizimodua nahi dugun bezala antolatzeari alegia, balizko kontsentsu sozialak-eta (hau da, kultur kolektiboen arteko bizikidetza arauak antolatze eta adostea) gerorako utzita. Agian, herrialde berean bizi izateak eta herri bereko kide sentitzeak (edo identitate sentimenduari berba bera ematea), ez du esan nahi herri berekoak garela.
Geure burua errespetarazi behar dugu, eta honek esan nahi du geronek errespetatu beharra dugula geure burua lehendabiziko, ez dugula onartuko zapal, gutxiets, mespreza gaitzaten. Banago, gainera, honexek lagunduko digula "besteak" (ez dut oraindik asmatu berba egokiagorik) ere erakartzen geurera, zeren zein hurbilduko zaio ba, bere burua ere errespetatzen ez duenari?
Iruzkinak
morrosko 2007-01-24 12:57 #1

Zorionean ere asmatu duzu bidea zein den, bide malkar baina burura ekarriko zaituena, hau da, aldekotasunak ahaztuta ekintza bideak urratzea, ahal bada gaixotu gabe, Santurtziko batez besteko erdaldun elebakarren adreilua. gorabehera.

Dena den, norberaren bidean deblauki sinistu behar da, eta urratu.

Txepetxek dio: La normalización consiste en que los euskaldunes se pongan a funcionar ipso facto a partir del momento preciso en que, compartiendo el diagnostico de la situación y la solución, deciden hacerlo " como si " psicologica y socialmente la comunidad linguistica ya estuviera articulada.

Ipso facto, beraz.

Hala ere, horrekin guztiarekin baduzu arrisku bat: autoengainua. Baina lasai, asko dira horretan eroriak eta trankil asko dabiltza kalean.

Mundu arrano hau!

Utzi iruzkina: