Bilboko Portuko Agintaritza santurtziarron nagusia

tusflog 1456153190656 tusflog | 2007-01-08 06:39

BIlboko Portuko Agintaritza (BPA) Santurtziko kostaldearen jabe da aspalditik, Abra osoko kostaldearena esatea hoba. Ez dakit noiztik estatu espainiarrak eman zion halako eskumena, ez eta ere zein legitimitatez. Geure arbasoek betidanik izan dute itsas bazter hau erabiltzeko onura, lanerako zein dibertimendurako; Abra eta bere itsas-ertzea izan dugu bizi iturri zentzu guztietan, baita hil iturria ere, noski. Berton hasi genuen itsasoarekin maitaldi ederra, gogorra. Geuretzat izan dugu betidanik, munduaren txoko bat gizakiona izan daitekeen neurrian behinik behin.
Baina, esan lez, inoiz estatu espainiarrak BPAren aurrekoa sortu eta hari eman zion geure herriko itsasertzea gobernatzeko ardura eta eskumena. Nik uste ardura gutxiz eta eskumen handikeriaz aritu zaizkigula ordutik.
Horrela, Santurtziko portu zahar ederra eta inguruko labarra porlanean azpiratzea eta betiko desagerraraztea erabaki zuten, Ibaizabal Bilbaotik kanpora hiritzeko lanari jarraiki, penintsularen iparraldeko estuario zabalenetako eta aberatsenetako ibaialdea zeharo suntsiturik. Ehun urte pasatxo dira ordutik. Gero, piskanaka, Abraren ezkerraldeko ertz osoa txikitzeko lanean jarraitu zuten: Santurtziko portua lehendabizi eta, berriki, superportua.  Itsasertzeko herriska zena Bilbao Handiaren inguruneko itsasertzerik gabeko (eta are tristeagoa, ia nortasunik gabeko) auzotzar hits bizigaitz bihurtu dute. Gai arriskutsu eta pozoiez josi digute ingurua; zentral termikoak, erregai likido zein gas biltegi erraldoiak, bergasifikatze lantegiak,... Espainia aldeko gune petrokimikorik handiena.
Baten batek "progresoa" hauxe dela esango du ziur aski, eta ezin dela "historiaren aurrerabidea" oztopatu; besteren batek gogora ekarriko digu lehen zelako bizimodu eskasa zuten santurtziarrek, ze pobreak ziren, zelako behar gatxa zuten, zenbat ume hiltzen ziren eta zein gaixotasun mordoa, eta orain, ordea, edozelako erosotasuna dugula, kotxe eta guzti aizu! (Beno, halakoxea esan ohi dute behintzat)
Baliteke halako erromantiko inozo ergela izatea, baina neu ez naute konbentzitzen halako argudioez. Lehen gosez hiltzen zirenak orain betekadaz hiltzen dira. Lehen kotxerik ez, orain  igeri piskat egitekotan kotxez joan behar da muskizeko, sopelako edo auskalo nongo hondartza masifikatura. Lehen behar handia, orain ere bai, eta gainera bakardade eta barruko hustasun itzelaz.
Adi, ez nago malenkonia zoroez, ez naiz iraganera itzuli minez. Zentzuzko bizimoduaz ari naiz, are garbiago mundua kolapsora daramaten/gun honetan. Aurrerabidea danon onerakotzat jotzen dot neuk, bizidun ororenerakotzat; gagozen eta etorriko direnentzako; eta honako hau batzuen poltsikoa are lodiagotzea besterik ez du izan da helburu.
Bestelako bidea urratu behar dugu.


Utzi iruzkina: