Zu, eta ni
Bideak egin gintuen lagun, edo zeruko izarrek... auskalo! Baina zure luzapena baino ez naiz ni... zu, nire luzapena baino ez zaren bezala.
Jaiotzen ikusi zintudan, hazten, dantzarako prestatu zintudan gero, urratsik dotoreenak erakutsi, jantzi ikusgarrienez jantzi.
Bakardaderik bakardadeenak zeharkatu ditugu, basamorturik basamortuenak. Ni... zu, eta zu... ni, eguzkirik borreroenaren zigorpean. Oinez, egarriz, gosez... bidea zer den ez dakiten espazio amaigabeetan barrena. Egoskorkeria baino ez dugu lagun izan, zuk eta nik, deabruarenak baino izan ezin diren infernuetan.
Eta orain, bukatu da, bazoaz zu, eta banoa ni... Sahararen magal esker txarrekotik betirako, galdu ditugu paisaia eternaletan, ertzik gabeetan beloak, eta zapiak, eta koloreetako apaingarriak. Biluzik gaude, ez gara inor.
Bukatu da isiltasunean, isiltasunik isilenean bidea egitea, izerdi tantak hondarra kolpatzean ateratzen duen hotsa baino ez aditzea. Zure, eta nire bihotz bat bakarraren taupada hotsa, eta aienea baino ez entzutea. Zu, eta ni, hautsa, eta Tenere.
Burrunba hotsa jabetu da oraintsu Saharaz, tanke, kamioi, drone, 4x4en joan-etorri amaigabeen paisaia gaizto, eta itsusi bihurtu da... bihurtu dute.
Ez gara zu, eta ni, gu... basamortuko haur kuttun dagoeneko. Ez gaitu erraldoiak ezertarako behar.
Ez gara, jada, paisaiotako silueta ibiltari magiko.
Bazoaz zu, eta banoa ni, ezerezaren ilusioan murgilduz, hondoratuz, galduz... betirako.
Eta Tenere bera ere, atzetik datorkigu nahi gabe, konturatu ere egin gabe, bere xalotasun, eta baldarkeria osoz.
Aspaldi honetan bazterrak nahastuz dabilkigun ipar-haize hotz honetatik ihesi.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: