Urratsak

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-11-22 15:26

 

Urrats desberdinen pasabidea izan da Sahara basamortua mendeetan zehar. Igaro izan dira, sarri, gidari tuareg zailduren baten ondotik hondar beltzak oinkatuz, gatzaren karabanak.

Dromedario ahituek, ilaran, prozesio infinituetan urratu dituzte hautsaren, eta hutsaren bideak, nekez.

Urrea, lurrinak, oihal dotoreak, espezia gutiziatsuak bizkarrean, Tinbuktu, Agadez, Tamanrasset, Oualata edo Bilmako oasi paregabeak harilkatu dituzte etengabeko amaraunean, dotoreziaz eta kontu handiz, atsedenaldiak elkarrekin uztartuz, ezinbestean.

Gaur, gurpil astunek ezabatuta galdu dira, ezerezean, animalien urratsak. Ibilgailuetan baina, ez urrerik, ez lurrinik, ez gatzik, ezpada gizaki desesperatuen aiena, begietako beldurra, oroimenean iltzatutako izugarrikeria.

Siriatik, edo Sahel gorritik datoz, mortuaren tripetan barrena, trepeta gutxi aldean, haurrak, emakumeak, gizonak, zaharrak eta gazteak.

Mendebalderantz, eguzkiarekin batera, eguzkiaren bidetik doaz.

Aurrerago, itsaso urdina dute amets, eta haratago, basamortu urezkoaren bestaldeko paradisua. Inshala!

 

 


Utzi iruzkina: