Lorezainaren lagunak

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-08-01 21:28

Timiako Kel_tamasheq-a

 

 

   Mendiaren babesean ezkutaturiko Air-eko oasi guztien artean, Timia da zalantzarik gabe, ederrena. Palmondo-sailak fruta-arbola anitz gordetzen ditu: granadondoak, arabisagar-arbolak, berenjondoak... Txorien abestiek, orduro ura igotzeko «Takarkart» putzuko poleekin lehiatzen dira, eta neguan, inguruko basamortu mineralarekin talka egiten duen berde koloreko gari-sailak dantzatzen ditu haizeak.

Harago, ur-jauzi handi batek elikatutako «guelta» sakon, zoragarria.

 

Afis, lanerako gai ziren gizon guztien antzera, lorezaina zen. Emakumeek abereak zaintzen zituzten. Euren haurrekin batera haranetara, eta inguruko «kori»etara eramaten zituzten abereak; ahuntzak, eta ardiak. Inguruan, mendi leizetsu, eta beldurgarriak.

Lorategian, putzuek, gamelu eta idien bitartez labore asko ureztatzeko aukera eskaintzen zuten.

 

Afisen lorategitik jasotzen zuten ura, herriko txiroenek, eta honek bere saila ureztatzea oztopatzen bazuen ere, gogo onez onartzen zuen sakrifizioa.

Halakoxea zen Afis, besteei laguntzea bere izaeraren baitan zegoen.

Beste lorezainek, iseka egiten zioten baina, eta emakumeen, eta zahar bakartien arreta erakartzeko baino ez zuela horrela jokatzen uste zuten.

 

Egun batean, tomate uzta sasoian, animalia baten urratsak aurkitu zituen lorategian, eta arazoak bukaerarik ez zuenez gero, zepoak jartzea deliberatu zuen. Gainera, ikertzen hasi, eta animalia beti mendi aldetik etortzen zela ohartu zen.

Beste lorazainei bere kezken berri eman bazien ere, hauek, sinesgaitz, uzta txarra bidezkotzeko asmakizunak baino ez zirela uste izan zuten.

Halako batean baina, zerbait antzeman zuen bere zepoetako batean. Urratsen usnan, trabaturik gelditu zen animaliarekin egin zuen topo, eta ikusitakoak harriturik, bere lagunei deitu zien azkar batean.

 

Piztia hura ikusi zutenean, atzeraka egin zuten denek txundiduraz. Inoiz ikusi gabeko animalia izugarria zen hura; mokoa, saguzarraren hegoak, txakalaren lau hanka, eta sabeltzarra zeuzkan.

Animalia ondo behatu ostean, lorezain batek nola deituko ote zen egin zuen galde, baina ez zuen erantzunik jaso.

 

Bat-batean, denen harridurarako hizketan hasi zen munstroa:

- Nire izena «Emislag» da. __esan zuen__.

 

Tamasheq hizkuntzan, tuaregen hizkuntzan «emislag» hitzak «bakea» esan nahi du.

Gizonek, liluraturik begiratu zioten elkarri, eta zer egin behar ote zuten galdegin zieten bere buruei.

 

Makina bat deliberoren ondoren, gehienek, piztia akabatzea zela komenigarriena pentsatu zuten, animalia arraro hark uztak lapurtzeaz gain, bizilagunentzat arazoak ekar zitzakeelakoan.

Eta munstroa akabatzekotan zeuden Afisek, hitz egiten zekien animalia bat hiltzeak zorte txarra ekar zezakeela gaineratu zuenean:

- Dena den, piztia honek nire tomateak jan baino ez du egin.

 

Azkenean, jakituria handiko azalpen honen ondotik, haginkadak saihesteko urka batekin eutsi zioten lepoa, eta aske utzi zuten gero.

Piztiak, libre, mendialdera jo zuen, eta laster desagertu zen goizeko gandu artean.

 

Egun batzuen ondotik Afisek ezusteko bisita izan zuen. Bizitza salbatzeagatik eskerrak ematera baino ez zela etorri esan zion bisitariak, eta zin egin zion, lagun izango zuela beti.

Mendiko «djin» bat zela azaldu zion, eta tomate fresko, eta gorriak biziki maite zituela, bere galbidea zirela.

 

Diosalean, Afis, Timiako gizonik boteretsu, eta aberatsena egin zuten sekretuak xuxurlatu zizkion «djin»ak belarrira.

 

 

 

Kel_tamasheq-en ipuin herrikoia

 

 

 

 


Utzi iruzkina: