Kolore guztiak
Euskararen nazioarteko egun honetan,
eman iezadazue freskura,
eman iezazkidazue hizkuntza txiki erraldoiak,
eman iezadazue ura!
Hizkuntza poteretsu uniformatzaileen ikasi beharraz nazkaturik,
hots berrien,
soinu desberdinen egarri,
eman iezadazue airea!
Begi desberdinak, mundua ikusteko.
Bestelako ahotsak, bizitza kantatzeko.
Harridura aurpegietan,
Keinu arrotzak,
urrutiko hitzak.
Txirotu ez nadin.
Kolorerik gabeko
gizarte batean, ito ez nadin.
Bestea ulertzeko, pazientzia izatea zer den ahaztu nahi ez dudalako.
Bestearen lekuan jartzea zer den, present izan nahi dudalako.
Jar iezazkidazue zailtasunak, bestearengana hurbiltzeko.
Bestearenganainoko bidea, pausoz-pauso, urratsez-urrats, traba guztiekin, bizi nahi dudalako.
Bizitza bizitzeko, kontatzeko, usaitzeko, irudikatzeko, pentsatzeko, arnasteko... miloika era daudela senti nahi dudalako.
Eman iezazkidazue kolore guztiak,
hizkuntza guztiak,
eta gehiago.