Karabanak

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2014-06-28 18:43

 

Karabanak,

    Atlantikoko hondartzetako harea hezeetatik,

dromedarioen erritmo malgu, eta motelean

          abiatzen zinetenak.

Zein sukarrakin ikusten zintuztedan desagertzen!

    Karabanak, lanbro lehorren urre-koloreko hauts artean,

       ni itsasertzari loturik nengoen bitartean!

Hura ezkutuko aztoramena abiatzen ikusten zintuztedanean,

  Trab el Beidane-rantz prestatzen,

nire ametsetako herrialde mairura,

   nire gogoa itsatsirik zegoenera. Ekialdeko lur hilak,

  Tijirit-eko lautada belartsuak, Adrar-eko harresi iluna.

                               Begiak desioz sutan,

gotorlekuko zuriz margotutako hormaren gainean

zabaldutako mapa handian, jarraitzen zintuztedan baita ere

           egunero,

        Mauritaniako karabanak, pista ezezagunetan zehar,

putzuz-putzu,

    paisaia hondatu eta argitsuetan barrena.

            Jarraitzen zintuztedan, era berean,

                merkatari saldo baketsuak,

kotoi urdin ilun, azukre, eta tez zamatutako gameluak;

   marabut santuak, aszeta gazteak,

        ordeka izugarrian barna poliki zoazten,

   eta zuen kredo monotono eta erritmikoaren letaniara,

    arrosarioa aletzen duzuen, bidaiari mistikoak;

 eta zuek ere bai, gerlari menturazkoak,

rezzu ausartak, gau eta egun biharko guduen bidean

zabiltzatenak, zuetariko askori

zuen fusilak -–basatienak-- odoleztaturik

 eta hotz geldituko zaizkizuenak,

         aurpegia hondar gorrituaren kontra,

ilargi zuriaren begiradapean...

    “zibilizazioenekin” talka egiten dutenean.

   Jaungoikoak jaso ditzala zuen arimak,

biharko hildakoak!

Ai ei karabanak, erregutzen nuen nik,

           eraman nazazue,

                  behin bederen!...

 

 

Théodore Monod. Méharées. 1999 (moldatua)

 

 


Utzi iruzkina: