Izua nagusi

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2012-11-01 01:39

 

Munstroak gose jarraitzen du, munstro asegaitzak, munstro bihotz gabeak, munstro hiltzaileak.


Militar maliarrak armaz ornitu, eta tuareg zibil errugabeen aurka, txakur amorratuak bailiran bidali ditu. Hasi baino ez du egin, gainera, ehiza beldurgarria.


Bederatzi erail zituen aurrena... bortxaz erail ere, oraingoan berrogeita hamabi, bihar... zenbat?


Munstroa sahelera begira dago, antsiaz, irrikaz, bertako uranioa, petrolioa, gasa, urrea... bere, egin behar ditu, irentsi egin behar ditu, larderiaz, kosta ahala kosta... Bertan itoko al da!


Nola eutsi bestela, errukirik gabe, urkoa zanpatuz, bortxatuz, deuseztatuz... ezer ez duenari bizitza bada ere lapurtuz, eraiki duen zibilizazio berekoi, itsu, gor, bizkarroi, ustelari?


Bertakoak, noski, traba egiten diote munstroari, jatorrizkoak, bertan sustraituak... tuaregak. Lurraldetasunaz eta, hitz egitera ausartzen badira batik bat. Basati ikaratuko ditu, birrinduko, akabatuko, izutuko... Jaiotzen ikusi zituen ama lurra, utz dezaten... munstro ankerraren esku, munstro nazkagarriaren bazka.


Bitartean, munstroaren magalean, arduragabe, gozo... ikusi nahi ez duenak... ezer ikusiko ez, entzun nahi ez duenak... ezer entzungo ez, jakin nahi ez duenak... ezer jakingo ez.