Hauteskundeak Kidal-en

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2013-07-30 17:55

 

Mortua, bortizkeria latzenez kolpatzen du ekiak, uztailean.

Azawad-eko artzainek, abereak... ahuntz, ardi, eta gamelu, eremu idorrak nekez eskaintzen dituen larre urrietara, eta urrutietara eramateko garaia iritsi da.

Hauteskundeak dira Kidal-en; “Azawad bai, Mali ez” entzuten da tarteka karriketan. “53 urtez maliar armadak pairatu arazi dizkigun gehiegikeriari, aski da” irakur daiteke horma higatu, horaildu batean.

Haizeak bazterrak astindu, eta hankaz gora jarri ditu hauteskunde-zerrendak. Salbu diren bakanei, harri koskor batek, eusten die. Hondar aleak nonahi, Bamakotik mila eta bostehun kilometrotara dauden Kidal-eko hauteskunde-mahai gain-azpietan, txoko-bazterretan.

Togoko kasko Urdinak han-hemenka. Tantaka, botoa ematera datozenei, goi-beheak miatzen.

“Gure nahia independentzia da”

“Desio bakarra independentzia”

Ahotsak, 'Helegite zuhaitza'-ren enparantzatik datoz, bertan elkartu diren emakume, haur, eta gazteen ahotsak dira.

Eskola zaharretako gela zaharkituak.

47 zenbakia duen mahaira, ez da inor azaldu oraindik. “Ezta azalduko ere” dio pitzatutako atetik, 'cheche' urdin handiz apainduriko 'targi' zahar batek. “Hori Alghanous Alkit-eko biztanleentzako hauteskunde-mahaia da, hemendik 70 km-etara dagoen herrixkakoentzakoa.

Haratago, Nazio Batuetako behatzaileak, azaldu ez diren hauteskunde-mahaiko buru, eta kideen postuak betetzeko, ordezkari boluntarioen bila dabiltza.

“Gure desio bakarra Azawad-en independentzia da. Malik gure gurasoak, haurrak, anai-arrebak, baita gure abereak ere hil ditu”

Tenere-ko haizeak, Kidal-eko enparantza erdian, harro, gamelu zuri baten gaineko kel-tamasheq-ak, irmo altxa duen estandartea, dantzatu du.

 

 


Utzi iruzkina: