Haize eroa

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2011-10-28 21:48

 

Hareazko mendiak, harro begiratzen dizu, goitik. Hortxe daukazu, formarik, eta kolorerik sentsualenetik, berotasun lizunenetik deika. Probokazio hutsa da, eta saiatu beharrean zaude.

Eman duzu aurreneko urratsa, eta bazoaz, enkontru desiratuenaren bila.

Hirugarren urratsean, belaunetaraino hondoratu zara, baina, ez duzu etsiko, hain da ederra!

Urrats txikiagoekin saiatu zara oraingoan, eta tira, badirudi baietz, oraingoan asmatu duzula, aurrera zoaz!

Bi pausu gora, hiru behera, bost kiloko zama oinetako bakoitzean.

Eseri egin zara, une batez.

Hondarraren leunak, irrist egin dizu behatz artetik, igurtziz bezala. Ezin duzu etsi.

Ortozik, aske sumatzen dituzu oinak.

Izerditan blai zoaz.

Baina, zenbat eta gorago, orduan eta gogoa, beroago!

Haizea dabil.

Gero eta bortitzago dabil.

Eta, bildu du duna, bere ezinegonean, eta murgildu dira bi-biak, dantzarik eroenean.

Hondarra, eztarriko zulotik behera, belarriko zuloetan, sudurzuloetan... Begiak itxi dituzu, ezin duzu arnasik hartu.

Gor, mutu, itsu, itotzear... behera zoaz.

Haizeak, antsiaz ferekatu du duna, birrindu, desitxuratu,zeharo endredatu du.

Gero, aieneak eta hasperenak.

Ilargia, berandu azaldu da zeruan.