Basamortuko erregea

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2012-04-22 17:11

 

Mendiko, itsasoko, basoko... hurbileko norbaiti, basamortua irudikatzeko eskatuz gero, seguraski, hondarrezko paisaia zabal-zabal bat marraztuko luke,eta erdi-erdian, urruti antzean, akaso, palmondo luze, eder bat.

Jakin ezazue ezetz, mortuaren magalean, nekez ikusiko duzuela palmondorik, ez da palmondoa basamortuari garaituko zaiona, ez.

Palmondoa, oasiko printzea da. Oasiak, urak, egiten du palmondoa, eta palmondoak, urak, egiten du oasia.

Baina oasia ez da mortua. Oasia, mortuaz trufatzen den paradisu pusketa da, zerua infernuan.

Zuhaitz eta landare-mota guztien gainetik,basamortukoek miresten dutena, beste bat da, ez hain dotorea, ez hain luze eta liraina. Basamortukoek akazia miresten dute.

Ezerezaren erdian, harri, hondar, hauts artean, amildegi beltzetan, lautada amaigabeetan, Sahara basamortuak, akaziari baino ez dio bere kabia egiten uzten.

Akazia “abser” da tuaregen hizkuntzan, eta bizidun guztietatik, bera da bakarra, oker, bihurri, itsusi, baina tinko eta egoskor, mortuko eguzki borreroari, haize ero hegoari, eta batez ere egarri sekulako, mingarri, eta lazgarriari eutsiko diona.

Horregatik goresten du kel-tamahak-ak akazia. “abser”-a, bere apaltasunean eta txikitasunean,handi delako, mortu, munstro,beldurgarriaren magalean, bere lekua egiten jakin duelako.

Tuaregek eurak bezala.