Basamortuko altxorra
Frantziak erabaki zuen Azawad lurraldea Mali zela, edo gaur egun hainbeste entzuten den «Malí», frantziar azentu eta guzti. Eta Frantziak berak, jarraitzen du Azawad maliarra sustengatzen, noski. Auskalo, agian errazago zaio mortutik hain urruti dagoen Bamakotik, basamortuko bere interesei eustea, ezen ez Kidaletik, basamortuaren bihotzetik bertatik. Saheldar bambaren gobernutik,ezen ez tuaregen habiatik, bertatik.
Mali deritzogun estatuan, Bamako ingurua edo hegoaldea da, alderdirik populatuena,eta bambara etnia nagusitzen da bertan. Sahel zonalde hau, betidanik izan da emankorra; landare, animalia, fruitu, espezia... ugariren altzoa, Niger ibaiaren magala, eta gizakiaren sostengurako paradisua. Gaur egun ere, horrelakoxea da, izan.
Iparraldea berriz, Mali existitu aurretik ere, Azawad deiturikoa, guztiz zen, eta gaur egun ere da, zonalde hitsa, lehorra, eta mortu beldurgarria. Bertako biztanleak, lurraren beraren eskasiaren isla baino ez. Batetik bestera, sostengu bila ibiltzera behartuak, txori migratzaileen erara hazi, eta heziak. Euri tanten jarraitzaile halabeharrez amorratuak.
Bizitzari, nekez tarterik eskaintzen dion basamortuak, ezin biztanleri urriari baino sostengua eman, eta tuaregak badaki, ulertzen du mortuaren hizkuntza. Jana urria den eremuetan, ezin aho asko elikatu... kito.
«Malí» honetan, beraz, gehiengoa osatzen duten, batez ere etnia bakar bateko hegoaldeko biztanleria, iparraldeko biztanleria urri, eta etnia desberdinekoei nagusitzen ari zaie, nagusikeriaz nagusitzen gainera.
Eta urria dena, gehiago urritu dadin egingo ditu ahaleginak eta bi, bertan begia jarri duenak, eta gogoa, eta hortza noiz sartuko antsiaz dagoenak... interesatuak. Batzuk bai baitakite altxorren bat, beti, gordetzen duela, bere baitan, basamortuak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: