Basamortuaren umezurtz

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2014-01-11 14:10

 

 Estatu ahalguztidunek asmatu, eskuaira eta kartaboiez markatu, eta txotxongiloen tankeran, harietatik tiraka dantza arazten dituzten beste estatu batzuen marra-mugetan harrapaturiko herria da Kel-Tamashaq herria, gaur.

 

 Lehen ere latza zen mortuaren altzoa, latzago bihurturik, noraezean dabiltza hara eta hona, begirada zorrotz, gorputza mehar, kezkaren morroi.... irribarrerik ez. Umezurtz.

 

 Bada pisuzko interesik mendeetan zehar bizi izan duten mortua utz dezaten, betirako abandonatu dezaten, bizkarra eman diezaioten. Badago dakienik, ondo, zein aberatsa den, zein emankorra, zenbat altxor gordetzen dituen, itxuraz hain txiroa, eta hutsa dirudien euren ama lur, hondarrezko, harrizko «Tenere-k».

 

 Kanpamentua betirako altxa, utzi, desegin dezaten bada anbiziorik, interesatuek ondo mozorrotutakorik.

 

 Doazela behingoz basamortukoak bere basamortutik, diluitu daitezela hiri anonimoetan, boteretsuen hizkuntza, ohitura, janzkera, pentsamoldeetan... Utz diezaiotela direna izateari.

 

 

 


Utzi iruzkina: