Bakardadea
Olerkari targiaren hitzik kuttunena, “esuf” da, bakardadea.
Non senti daiteke gizakia, mortu amaigabearen magalean baino bakartiago, galduago, txikiago?
“Esuf”, ezereza da, hutsa, maitearen ausentziak uzten duen zulo beltz sakona, kanpamendu abandonatuetan, aireari itsatsirik gelditu zaizkion iraganeko irriak, eta negarrak, eta kantak, eta irrintziak.
“Esuf”, hilobietan, betiko loaren besoetan, betirako, mutu, gelditu direnen itzala ere bada.
“Kel Esuf” deitzen dio tuaregak, basamortuan, noraezean, egarriaren, beroaren, nekearen, eromenaren hatzetan galdutakoari. Desertuan barrena, hare eta haizez blai, biluzik, hileak harro, haragia beltz, begi-zuloak zuri, dabiltzan arima erratuen herria da “kel esuf”.
Mahomak agindutako, ez zerurako, ez infernurako biderik, aurkitu ez dutenak dira, Tanit, mortuko jainkosaren morroi betikoak.