Autodeterminazio aldarrikapena

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2012-04-07 14:53

(...) Baina Mohamed ben Abdelkrimek errebindikatzen zuen independentzia arriskua zen Frantziarentzat, eta Britainia Handiarentzat ere bai, beste herri askorentzako egitasmo bihur zitekeelako.

Huber Lyauteyk labur eta argi azaldu zuen arazoa esaldi honetan: “ez dago gure interesentzat ezer kaltegarriagorik Fezetik hain hurbil estatu musulman independente eta modernizatu bat baino”

Natiboak ezjakinak, fanatikoak, ez-gauza ziren artean, frantziar inperialismoak legitimitatea izan zezakeen. Baina errepublika moderno batek guztiz absurdo bihurtzen zuen inperialismoak babesle papera bere gain hartzea.

Mohamed ben Abdelkrimen planteamendu politikoa sinplea zen. Arrifiek euren burua gobernatzeko eskubidea zuten:


“Uste dugu eskubidea dugula, beste edozein naziok duen eskubidea, geure territorioa izateko, eta uste dugu Espainiar Partidu Kolonialak gure eskubideak bortxatu eta erauzi dizkigula, protektoratuaren asmoaren legitimitateaz aparte (...) Guk geure burua gobernatu eta geure eskubide guziak bermatu nahi ditugu”.


Hain zen sinplea eta ukaezina, non onartezina zela. Ez Frantziak, Ez Britainia Handiak ezta Espainia derrotatuak ere, ezin zuten onartu arrifien eskubide deklarazio elemental hori. Magreb osoarentzako eta mundu guztiarentzako etsenplua izan zitekeen bestela. Demokrazia baieztapen sinple eta anbiguetaterik gabeko horrek kondenatu zuen Arrifeko Errepublika berria.


Joseba Sarrionandia. Moroak gara behelaino artean? (Pamiela 2010)