Ama
Azawadeko errefuxiatuak Burkina Fason, 2013ko martxoan
Dena zor diot nire amaren irakaspenei. Berak erakutsi zidan denda desmuntatzen, eta berriro muntatzen. Enbor gogor, baina zur leuneko “torcha” zuhaitzez zizelkatutako ohea destolesten. Berak erakutsi zidan urtaro-aldaketa dakarten izarrez jabetzen.
Berak ezagutzera eman, nire “Iforas” tribuko leinu ezberdinen izenak. Berak erakutsi irakurtzen, abestiak, poesia. Berak...
Ez dago, ama goretsiko ez duen tuaregik. Bera da basamortuko arima, eta bihotza. Berak egiten ditu lanik gogorrenak, gizonak karabanetan urrutiratzen direnean. Bera arduratzen da abereez, zekaleak jasotzeaz, berak ekartzen ura, animaliei edaten eman, berak hezten haurrak. Alaia, eta zorionekoa da. Arrastirian abestu, dantzatu, olerkiak errezitatu, eta emakumeak eta gizonak lasaitzen, edo asaldatzen dituen “imzad”-a ---gure soka bakarreko arrabita--- jotzen du.
Imintzio serioz, erakutsi zidan, “tifinar” alfabetoa osatzen duten hogeita zazpi hizkiak irakurtzen. Bere atzamarrak jira biraka, hegan berrikusten ditut, hondarrean, ikur geometrikoak marrazten: “R”-a adierazten duen borobila, “KH”-rako lau puntuak, borobilari aurrejartzen zaizkion bi puntuak eta parentesi iraulia, “katu” hitza osatzeko.
Etenaldi bat egiten zuen gero, idatzitakoa eskuarekin ezabatu, eta berak egindakoa errepikatzeko eskatzen zidan.
Ahal denik hobekien saiatzen nintzen ni, eta nire ahalegina saritzeko, bere azazkalek olerkiak margotzen zituzten.
Bere “Imzad” jotzailearen atzamarrekin harramazkatzen zuen harea.
Harritzeko ia denborarik gabe, desegiten zuen berriz idatzitakoa, hitz berriak atontzeko.
Zenbat alegia eta balada, ez ote dira aienatu bere eskuaren hegalpean, edo dunetako haizeetan? Ez nuke jakingo esaten. Hainbeste ezagutzen zituen.
Mano Dayak. Je suis né avec du sable dans les yeux. 1996 (moldatua)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: