The Show Must Go On (III)
Berriz ere kutxan murgildu zuen bere burua Loinazek eta plastiko poltsa baten barruan zegoen gutun sorta bat hartu zuen. Hartu bezain pronto igorlearen datuen bila buelta eman zion lehen gutunari. Ez zuen ezer jartzen, zigilu baten marka besterik ez zegoen, Aritzaga Udalekua irakurri zitekeen hizki urdin lausotu batzuetan. Gutunari berriz ere buelta eman eta aurrekaldea begiratu zuen. Amona Ixabel- Aitonaren etxea, hori bakarrik, ez zuen gehiagorik jartzen. Garbi zegoen gutun horiek ez zirela bere amonaren eskuetara iritsi eta norbaitek itzuli egin zizkikola, seguraski udalekuko begirale batek. Gajoa, pentsatu zuen Loinazek. Gutun barruan izango zen agian neska ezezagunaren nortasunaren pistarik baina ez zitzaion ongi iruditu amona Ixabelek berak ere irakurri ez zituen gutunak irakurtzea.
Gutunak plastikozko poltsan sartu eta kutxan uztera zijoala hauek utzitako hutsunean tolestutako kartulina bat ikusi zuen. Poltsa utzi, kartulina hartu, zabaldu eta argazki bat zela konturatu zen. Bertan, karnet argazkiko neska bera agertzen zen mutil bat sorbaldatik heldua zuela. Biak irribarrez zeuden eta nahi ez balute bezala begi izkinekin elkarri begira zeuden. Argazkia oso gertutik aterata zegoen, seguraski bietako batek atera zuen esku bat aurrera luzatuz. Pozik zeuden eta nabari zen beraien artean zehozer bazegoela, hori iruditu zitzaion behintzat Loinazi. Argazkiari so egin eta neskaren begietara begira geratu zen une batetik bestera nor zen aitortzeko intentzioa edukiko balu bezala. Ez zuen erantzunik jaso eta mutilari begiratu zion, bazuen zerbait mutil hark… bere begi argietara begira zegoela, konturatzerako, bere ondoan zegoen neska bera zela imaginatzen harrapatu zuen bere burua Loinazek. Bapatean gorritu eta argazkia bere lekuan utzi zuen.
Nor izango ote zen mutil hori?... Zertan ari zen pentsatzen? Ez zen hori garrantzitsuena, neska hura nor zen jakin beharra zuen kutxa itzultzeko. Horretarako ari zen bizi hartan nabigatzen. Etsitzear zegoela hasieran begiz jo zuen Dublineko postala ikusi zuen. Han, derrigorrez zerbait egon behar zen, izenen bat, helbideren bat... Buelta eman eta irakurtzea erabaki zuen:
Markel Arratibel Otaegi
Orinamendi 14-5.ezk
Bundain (Gipuzkoa) españa
“Aupa Markel. Maitte zaittut, badakizu, baino ez dakit uste nun bezela maitte zaituten, edo ez zaitutten lehengo modun maitte, ez dakit. Konturatu naizena da ez zaittutela faltan botatzen, bueno botatzen zaittut, baino ez bota beharko zintudan modun. Konturatu naiz ez zaitutela behar, norbait beharko det igual baino ez zu. Barkau baino nahiago nizun azkar esan. Urte bete barruarte enaiz bueltauko eta ez zaittut nei etxoiten euki nahi. Nik etzaittut etxoingo. Ondo izan. Agur”
Maialen
Postala irakurtzeaz amaitu zuenerako Loinazen masailetik behera malko bat zetorren. Okotzean zintzilika geratu eta Arratibelen gainera erori zen boliografo tinta lausotuz. Unkitu egin zuen eskutitz hark eta bere tristetasunean igeri zebilela burua lanean jarri zuen. Markel eta Maialenek argazkiko bikotea izan behar zuten derrigorrez baina, Maialen bazen kutxaren jabea zer egiten zuen postal harrek han? Zigilu guztiak jarriak zituen, zihur bidali ziola. Itzuli egin ote zion? Ez, garbi zegoen Markel zela kutxa hura bere bizitzaz bete zuena. Kutxan eskua sartu eta txikitako argazkia eta bikotearen argazkia hartu zituen. Bai, pertsona bera zen, begi argi haiek ez ziren erraz ahazten diren horietakoak. Orduan, Markelengatik pena sentitu zuen eta ia ezagun zuen mutil hura kontsolatzen irudikatu zuen bere burua. Zihur ez zuela merezi, pentsatu zuen. Goibel zegoen baina Markel libre egotearen ideiak sentipen kontraesan bat sortu zion. Baina zer txorakeri ari zen pentsatzen? Ezagutu ere ez zuen egiten eta!
Iruzkinak
txomin_hood 2007-02-12 11:32 #1

Asko gustau zaiak istorio labur hau. Aurretik datorren ipuin baten zatia dela ematen dik, baina besteak ez dizkiat irakurri. Hala ere, earki kontatzek, ladron!!

indezent 2007-02-12 11:48 #2
Somatzek aspaldi honatn ez haziela paraje hauetatik ibili. Izenburun garbi ikusten deken bezala 3. zatie dek eta aurrekok irakurri nahi badittuk artxibo sartu besteik ez daukek. Lehenegoa I dek eta bigarrena II (zaile e...)
Pol Emika 2007-02-12 13:51 #3

Nik uste nian horrelako gauzak Arralden soilik gertatzen zirela, baina ikusten dut ezetz. Nik lehen zatitik irakurri dudanez, Txomin-hoodi zera esan nahi diot: aurreko bi zatiak ere edarrak dituk;

benga indezents, beste pare bat zati idatzi eta jada liburu bat eginda izango duk!

indezent 2007-02-12 14:01 #4
Ez dik hainbesteako ematen, bat gehiago besterik ez dek gelditzen. Arralde? Hi, kontu ze esateken hemen e!
kukue 2007-02-13 12:57 #5
Ño, engantxau eitteik e, ta hoi enokela "telenobelazalea" jeje.

Hurrengo zatin zai geatze nok.

indezent 2007-02-13 13:31 #6
Buenooo. Lurrak irentsi ziala pentsatzen hasia nittua. Azterketan ondo jungo zittuala espero diat. Kapitulo bakarra geatzen dek asik lasai, ez in inorri kozka
kukue 2007-02-13 15:51 #7
jun dittuk, ta momentuz ondo baño notan bat falta zaiak baño ondo. Ez gaittuk kejatzen.

Ansiosamente etxoingo diat hurrengoa, amona batek goenkaleren hurrengo kapituloa itxaroten duen bezalaxe ;)

Amuitz 2007-02-15 23:02 #8
Egunean jartzen ari nauk, egun batzutan deskonektatuta egon ondoren. Puzzlea osatu beharra dago, Loinazek egiten duenaren antzera, bizitza galduen bila.

Utzi iruzkina: