Smashing Pumpkinsen arima positiboa: Zwan

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2009-10-21 20:42

Ez zait sekula musika esklusiboaren kontua gustatu. Hau da, bada jendea talde bat izugarri maite duena oso jende gutxik entzuten duelako, elite moduko baten kide dela sentiarazten diolako (eta badakizue elitismoak ez zaizkidala batere gustatzen).

 

Adibidez, jende tipo honi izugarri gustatzen zitzaion Radiohead (adibide bat da! ez dadila inor haserretu…) jende arrunta taldea eta bere musika ezagutzen hasi zen arte. Orduan… ba, dagoeneko ez dira hain onak (ziur horrelako norbait ezagutzen duzuela).

 

Kontua da, ez naizela jarrera horren zalea baina badela horrelako zerbait sentiarazten didan diska bat (ahula naiz…). Hala ere, ez da kasu berdina. Diska honen kasuan, esklusibotasunaren arrazoia, ez dator taldea nik bakarrik ezagutzetik, niri bakarrik gustatzeagatik baizik kar kar kar.

 

Zwan taldeaz ari naiz. Dakizuenez, Billy Corganek Smashing Pumpkings taldea desegin zuen beste proiektu bati ekin nahi ziolako. Proiektu berri honen izena Zwan zen eta disko bakarra kaleratu zuten: Mary Star of The Sea.

 

2003an kaleratu zuten eta oso harrera tristea izan zuen. Oso kopia gutxi saldu zituen eta hori guztia gutxi balitz, talde berriak Smashing Pumpkings talde handiaren zale guztien gorrotoa jaso zuen. Esan bezala, diska oso gutxi saldu ziren (nik nirea, hiru eurotan! erosi nuen kaleratu eta urtebetera, serie b-ko kutxa horietako batean).

 

Diskaren emaitza komertziala Corganen bizitzako okerrena izan zen eta azkar eman zuen amore Zwan proiektu berriari dagokionean (2007an Smashing Pumpking bildu eta Zeitgeist argitaratu zuten).

 

Sei urte pasa dira ordundik eta Mary Star of The Sea hau izugarri gustora entzuten jarraitzen dut. Smashingen arima izaten jarraitzen zuelakoan nago. Arima berbera, bizitzako beste une batean noski. Smashing Pumpkingsen garaian, musikak, depresioari eskutik helduta bidaiatzen zuen. Tristea zen, pixua, iluna eta pesimista (eta zein gustokoa genuen! Nerabetasun zoro hura…).

 

Zwanen diskan ordea, arima zoriontsu zen, depresiotik irten eta Mary izarrarekin bidaiatzera joan nahi izan zuen, itsaso amaigabean zehar, beti gorago hega egin zezakela pentsatuz. Diska askoz positiboagaoa zen eta izugarri gustatu zitzaidan (nerabetasunaren amaiera agian…).

 

Proiektuak kale egin ostean, Smashing Pumpkings taldea berriz ere biltzea erabaki zuen Corgan jaunak eta egia esan, oso gustoko dut Zeitgeist. Azken diska honetan, Kalabaza Zanpatzaileen arima bi horien arteko erdibidean geratu delakoan nago. Lastima zaleek depresiotik atera nahi ez izatea…


Utzi iruzkina: