Real Madrilez galdezka Haitiko txikizioaren erdian. Ondo La Sexta!
Azkenaldian ETBko teleberriak aztertzea (ez da hainbesterako baina kategoria ematen dio blogeko atalari…) izan dut blog honetan denborapasa nagusia. Nazkatuta naukate eta nahiko nazkatua negoen lehendik telebistak orokorrean azken urteetan erakutsi duen kazetaritza etika eta moral ezarekin.
Hala ere, gaur eguerdian La Sexta kateko informatiboan ikusi dudanak orain arteko astakeri, zentzugabekeri, subnormalkeri eta putasemekeri guztiak gainditu ditu. Kontua da, Real Madril futbol talde handiak Haitiko tragediaren ostean laguntza bat eskaintzea erabaki duela. Horrarte, dena ondo.
Hala ere, gauzak okertzen doaz kazetari inutil bat, mikrofonoa eskuan eta Haitiko txikizioaren erdian, eskola bat erortzean 300 bizilagun galdu dituen jendeari Real Madrilen inguruan galdetzen hasten denean. Zein jokalari ezagutzen dituzue? Gustatzen al zaizue Real Madril? Zaletasuna al duzue? Hori guztia noski, atzean lurrikarak sortutako txikizio guztia ageri dela.
Benetan, normala al da hau? Etika eta moral guztia galdu al dugu? Besteen zorigaiztoak inolako sentimendurik pizten ez digun psikopatia egoerara iritsi al gara? Nola hartu dezake informatibo zuzendari batek kale-inkesta hau agintzeko erabakia? Eta nola da posible, bere burua kazetaritzat duen batek, zuzendari bihozgabeak emandako aginduari men egitea?
Batzuetan hobe da langabezian egotea, halako putasemekerietan ibiltzea baino. Banekien gizartea gaixo zegoela baina gauza hauek normaltasunez ikustera iritsi bagara, uste nuena baino askoz ere okerrago gaude…
Hemen duzue bideoa kentzen ez duten bitartean. Lotsagarria...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: